ANBOTOK 20 URTE

"Zortea dugu gu denontzako horrelako hedabide bat bizirik mantentzeagaz"

Miguel Zugaza Miranda (Arte Ederren Museoko zuzendaria) 2021ko aza. 15a, 10:00

Miguel Zugaza Miranda (Arte Ederren Museoko zuzendaria)

2001ean Anbotok bere bideari ekin zionean, Madrilerako bidea hartzea egokitu zitzaidan, Prado museoan lan egiteko. Bertan pasatu nituen 15 urteetan, astekariaren maiztasun berdinagaz, astebururo etxera itzultzen nintzen familiagaz eta herriagaz bat egiteko. Atseden barik, atean zain izaten nuen Anbotoren asteroko ale koloretsua.

Egia esan, zortea dugu gu denontzako horrelako hedabide bat bizirik mantentzeagaz. Komunikabide zorrotza izateaz gainera, interes eta eduki aniztasun handia dauka, betiere tokikotasunak ematen duen ikuspuntu berezi horretatik landuta. Gertuko albisteak lantzeaz gainera, interes orokorreko gaien hausnarketa patxadatsua ere egiten du. Bestalde, balio handia ematen diot urte askoan emakume bat izatea proiektua lideratzen bere orrialdeak belaunaldi askotariko emakume eta gizonei ahotsa emanez beraien ekimen indibidual eta kolektiboen berri emanez. Tokiko euskarazko hedabide baten aldeko apustua egitea transformazio digitalaren sasoian Anbotok duen beste indarguneetako bat da. Onlineko bertsio dinamikoak ez digu “kendu” mimoz zaindutako paperezko alea, eta hori milagro bat da.

Anbotoko lantaldea, iragarleak zein kolaboratzaileak animatu nahi ditut astero helburu honekin jarraitzeko, geure izaera harrotasunez aldarrikatuz beharrezko ikuspuntu kritikoagaz.
Zorionak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!