ANBOTOK 20 URTE

“Euskara hutsezko espazioak egon behar dira, euskaraz bizi daitekeela erakusteko”

Aritz Maldonado 2021ko aza. 13a, 09:55

Berbaro elkarteak ANBOTOren sorreran parte hartu du hasieratik. Ordutik egindako ibilbidea eta aurrera begirako erronkak aztertu ditu Markel Sanchez koordinatzaileak.

Berbarok ANBOTOren proiektuaren sorreran parte hartu zuen. Zein hausnarketa egiten duzue?
ANBOTO proiektu estrategikoa izan da hasieratik Berbarorentzat. Testuinguruan ipintzeko, Berbarorentzat epe laburrean oso garrantzitsuak ziren proiektu bi sortu ziren: 2001ean ANBOTO jaio zen, eta 2004an Plateruena. Oso denbora gutxian, proiektu garrantzitsu bi martxan ipini ziren. Euskararen normalkuntzan ahalik eta esparrurik gehienetan espazioak sortzea zen helburua. Anbotogaz Durangalde mailako euskarazko komunikabide bat sortzea zen asmoa, eta Plateruena kulturgintzara bideraturiko proiektua zen.

Urteetan zehar, hiru guneok Berbaro Taldea delakoan parte hartu dugu, bakoitza bere autonomiagaz, eta aliantza modura funtzionatu dugu, bakoitzak bere hausnarketak plazaratzeko, eta bakoitzaren funtzioen gainean pentsatzeko. Plateruenaren itxieragaz, marko hori ez dago hain aktibo, baina bere fruituak eman zituen.

Zelako garrantzia dute horrelako aliantzek euskararentzat eta Durangaldearentzat?
Anbotok proiektu estrategiko bat izaten jarraitzen du, Berbarok bestelako parte hartzea izan arren. Garrantzi handiko proiektua da, Durangaldean euskarazko komunikabide bakarra den neurrian. Garrantzi handia du, 20 urteotan erreferentzialtasuna irabazi duelako, eta horri eskerrak etorkizunera begira ere oso ondo kokatuta dago eragiten jarraitzeko eta bestelako proiektuetan parte hartzeko. Bestalde, tokiko komunikabide bat euskara hutsean egotea normalizatu duelako da garrantzitsua Anboto. Pertsonalki, existitzen diren eta errealitate bat diren bestelako tokiko komunikabideetan euskararen presentzia sikiera erdira igotzea gustatuko litzaidake, baina hori beste kontu bat da. Euskara hutsean funtzionatzen duten bestelako espazioak egon behar dira, eta horiek zentralitatea eduki behar dute, euskaraz bizi ahal dela erakusten dutelako. Zenbat eta horrelako proiektu gehiago egon, hobeto.

Zeintzuk lirateke aurrera begirako aukerak eta mehatxuak?
Herriko komunikabideez berba egiten dugunean, argi dago Anbotok erreferentzialtasun bat lortu duela urteotan, baina Interneten aro honetan, digitalizazioagaz, Anbotoren erreferentzialtasuna apur bat jaitsi egin dela iruditzen zait. Alde batetik, erdarazko beste hainbat komunikabide sortu da urteotan, euskararen presentzia testimoniala dutenak; eta bestetik, erdarazko komunikabide horiek egotera, eta Interneten edukiak sortzeko gaur egun dauden erraztasunekin, erreferentzialtasun horri eustea gatxagoa da. Anboto, azken finean, komunikabide bat da eta kazetaritza egiten du, baina gaur egun, sare sozialekin, edozerk hartu dezake albiste maila. Gainera, sare sozial batzuetako herri mailako talde masiboetan edo antzerako foroetan edukiak sortzerakoan, kalean izaten diren inertzia berdinak izaten dira, hau da, iruzkinak eta eztabaidak daudenean, bakar batek erdaraz eginez gero, euskaldunek ere erdarara jotzen dute.

Anbotok badu bere tokia, eta, horrenbestez, aukera handiak.  Nire ustez, hain zuzen ere, kazetaritza egiten jarraitu behar du, erreportajeak, elkarrizketak eta egunerokotasunaren jarraipena egiten jarraitu behar du, baina beste gune bat sortu beharko luke, ANBOTOren txapelpean baina leku guztiz bereizi bategaz, edonork euskarazko edukiak sortu ditzakeena.  Euskarak eduki hutsalak ere izan behar ditu; albiste mailara ailegatu barik, jendearen interesekoak izan daitezkeenak. Eta hor komunitate bat sortu ahalko litzateke, euskaraz funtzionatuko lukeena, euskaraz sortuko lukeena, Anbotoren txapelpean egongo litzatekeena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!