Durangarren kezkarik nagusienak airearen kalitatea, aparkaleku falta eta etxebizitza arazoak dira

Ekaitz Herrera 2021ko aza. 11a, 14:31

Horrez gainera, herritarrek faltan botatzen dituzte eskualderako ospitale bat, gune berdeak eta gazteriarentzako alternatibak. Inkestatutakoen erdiak baino gehiagok uste du udal gobernu taldeak badakiela herriko arazoak zelan konpondu, baina horretarako denbora gehiago behar duela. 

Aztiker ikerketa etxeak azterketa soziologiko bat egin du Durangoko Udalaren enkarguz. Irailaren erdialdetik urriaren hasierara bitartean egin du ikerketa, 18 urtetik gorako 600 durangar telefono bidez zein kalean galdekatuta. Udalak gaur jakinarazi ditu ikerketa horren emaitzak. 

Durangarrek herriarekiko duten asebetetze maila oso ona da orokorrean. Batez besteko 8,1 notarekin puntuatu dute udalerriko bizimodua. Dena dela, hainbat arazo identifikatu dituzte. Inkestatutakoen %13k aparkaleku falta ipini du arazo nagusi lez. Horren atzetik datoz airearen kutsadurarekiko eta usainarekiko kezka (inkestatutakoen %8,1), herriko kaleen garbitasuna (%6), etxebizitzari lotutako arazoak (%4,8), ingurumenari loturiko gaiak (%4,7). Bestalde, durangarrek haien hezur haragietan bizi dituzten arazo nagusiak langabezia edo lan merkatua (inkestatutakoen %6,9), etxebizitza arazoak (%5,3), aparkaleku falta (%5,2), kaleen garbitasuna (%5,1), koronabirusa (%4,7), airearen kalitatea (%4,1) eta gazteriari lotutako gaiak (%3,2) dira.

Durangok beharko lituzkeen azpiegiturak

Herriak etorkizunean beharko lituzkeen azpiegiturez edo zerbitzuez galdetuta, bi gailendu dira herritarren artean: eskualde mailako ospitale bat izatea (%10,3k proposatu du) eta gazteentzako gune eta ekintza gehiago izatea (%9,2). Atzerago gelditu den beste zerbitzu bat, gainera, lotuta doa lehenengoarekin: %4,4 batek anbulatorio handiago bat gura du, espezializate gehiagorekin eta urgentziazko pediatria zerbitzu batekin. Faltan botatzen diren bestelako zerbitzuak honakoak dira: trenbide zaharreko lurretan parkea edo berdegunea egitea (%5,7), garraio publikoa hobetzea Bilborekin, Gasteizekin eta Donostiarekin (%5,6) eta adineko herritarrei laguntzeko zerbitzu gehiagi (%3,7).

Udalbatzarekiko iritzia

Eguneroko arazoei erreparatzeaz gainera, herritarrek udal ordezkarien inguruko iritzia plazaratu dute. Inkestaturikoen erdiak baino gehiagok (%53,1) uste du udalak badakiela herriko arazoak zelan konpondu, baina denbora gehiago behar duela. %15ak esan du udala Durangoko arazoak konpontzen ari dela, eta, beste %12,5 batek adierazi du ez dakiela arazoak zelan konpondu. Oposizioari buruz ere egin dute berba. Inkestatutakoen %29,9en arabera, oposizioak kritika eta oztopoak ipintzen dizkio gobernu taldeari. %12k dio oposizioak arazoak konpontzeko proposamenak egiten laguntzen duela, eta %27,8a erdibidean kokatzen da. Ez batean, eta ez bestean. Hobetoen baloratutako alderdiak honakoak dira hurrenez hurren: EH Bildu, Herriaren Eskubidea, EAJ eta PSE-EE. Zerrendaburuen kasuan, ere, berdin. Durangarrek hobekien baloratzen dituzten politikariak Ima Garrastatxu (7,1), Julián Ríos (6,8), Mireia Elkoroiribe (5,7) eta Jessica Ruiz (5,6) dira.

Udal iturriek adierazi dutenez, inkesta honek durangarren "lehentasunak ezagutzeko" balioko du, "ondo dauden gaietan sakontzeko, eta hobetu beharrekoak hobetzeko". Udalak 2018an egin zuen tankera honetako beste inkesta bat. Ordukoa Gizaker ikerketa etxeak egin zuten. Sasoi hartako kezka nagusietako bat, airearen kalitatea, kezka nagusienen artean dago gaur egun ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!