Durangon autokarabanen topaketa egingo dute azaroaren 26ko asteburuan, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuz

Anboto 2021ko aza. 15a, 09:26

Autokarabana, karabana, ‘camper’ eta antzerakoei bideratutako topaketa azaroaren 26tik 28ra izango da eta Durangoko sarreran —Tadu enpresa zegoen gunean— egindako aparkaleku berrian elkartuko dira. Asteburuan zehar askotariko ekintzak egingo dituzte.

Urko Fernandez Presa bilbotarra dago ekimenaren atzean. Orain urte bi Elorrion antolatutako topaketa antolatzen ere jardun zuen eta aurten Durangora ekarri du ekimena. Inguruko karabanazaleen, ostalarien eta enpresen laguntza izan du antolatzeko.

Topaketak helburu bi ditu. Batetik, karabana zaleek “denbora asko” daramate elkartu barik eta ekimena “normalitatera itzulera ospatzeko” modu bat da Fernandezen berbetan. Baina jaia aldarrikapenekin uztartuko dute. “Udalari Durangon autokarabanentzako gune bat egin dezan eskatu gura diogu”, dio Fernandezek. Izan ere, azken urtebetean furgonetan bidaiatzeko zaletasuna “ikaragarri” hazi ei da; “Pandemiatik hona, jendeak nahiago du furgonetan, familiarekin eta zirkulu itxiagoetan bidaiatu, hoteletara joan eta jende askoren inguruan ibili beharrean”, zehaztu du. Horregatik, bidaiari mota horientzako espazioak areagotzea komenigarri ikusten du.

EGITARAUA AZAROAK 26

18:00; Ongietorria parte hartzaileei
19:00; Musika Sorgin Tabernan.
22:00; Afaria trajeagaz.

EGITARAUA AZAROAK 27

10:00; Gosaria.
12:00; Durango ezagutzen (ginkana, bisita gidatua…).
13:00; Pintxopotea Durangon.
14:30; Bazkaria.
16:30; Bingoa eta zozketak.
17:30; Magia ikuskizuna umeentzat.
18:30; Mozorroak. Gaia: musika generoak (saria onenarentzat)
19:00; Kontzertu akustikoa eta afaria Sorgin tabernan.
23:00; Durangotik poteoan.

EGITARAU AZAROAK 28


10:00; Tortilla lehiaketa.
11:30; Hamaiketakoa.
12:30; ‘Camper’-en inguruko merkatua eta furgoneten aurkezpena.
14:00; Bazkaria.

Izen-ematea eta informazio gehiago lortzeko: kddfurgonetas@gmail.com.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!