“Literatura oso garrantzitsua da umeekin lotura sortzeko, atentzio osoa eskatzen du eta”

Aritz Maldonado 2021ko aza. 2a, 14:50

'Dorotea' album ilustratuaren prozesua "Plazeragaz loturiko jolas" baten modukoa izan da Amaia Egidazu durangarrarentzat. Bera arduratu da testuak idazteaz eta marrazkiak egiteaz.

Nor da Dorotea?
Adineko emakume bat da Dorotea, landa inguruan bizi dena, bakarrik. Etxean arazo potolo bat izango du, eta, horri konponbidea eman guran, egoera korapilatu egingo da. Baina sopresa bat izango du amaieran. Esango nuke ipuinetan ezagutzen dugun estereotipoetatik ihes egiten duen pertsonaia dela, emakume ekintzailea, indar handikoa, arazoei aurre egiten diena; badu bere alde gozoa ere, ondo pasatzea gustatzen zaio eta karakter handiko emakumea da.

Biologoa zara formakuntzaz. Horrek badu zerikusirik edukia naturan kokatzeagaz?
Liburuan hainbat gauza batzen dut, tartean natura. Naturazalea naiz eta animaliek ere betidanik piztu didate interesa. Umorea ere sartu dut. Hartu-eman zuzena dut umeekin; biren ama naiz eta eskola txiki batean lan egiten dut. Euren freskotasuna jasotzen dut egunero, eta eurentzako moduko liburu bat egin dudala uste dut. Horrez gainera, asko gustatzen zait hizkuntzagaz jolastea; testua sinplea, errepikakorra eta errimaz josia da, eta umeei horixe gustatzen zaiela uste dut.

Zu haur literatur zalea zara. Zelako garrantzia du umeentzat?
Ez gara kontziente literaturak zelako garrantzia duen umeentzat. Literatura oso garrantzitsua da umeekin lotura eta hartu-emanak sortzeko, atentzio osoa eskatzen diezun tarte bat da eta. Hizkuntza eurenganatzeko eta irakurzaletasuna garatzeko ere garrantzitsua da.

Zure lehenengo liburua da eta zeu arduratu zara denaz. Hasierako asmoa zen hori?
Proiektu honen helburua ez zen liburu bat argitaratzea. Niretzat jolas bat izan da, plazeragaz lotu dudan zerbait. Esan dudan moduan, asko gustatzen zait hizkuntzagaz jolastea; koadernotxo batean idatzi izan ditut poemak, testu txikiak, jolasak errimekin... Istorio hau orain urte pare bat idatzi nuen, eta berriro berreskuratu nuenean, burura irudi komiko batzuk etorri zitzaizkidan. Ez naiz ilustratzailea, baina txikitan oso gogoko nuen marraztea. Azken urteetan, berreskuratu egin dut marrazketa, hainbat ikastarotan parte hartuta. Berbarok antolatuta Irati Egurenek eskainitako batean, Bizenta Mogelen Egurenek eta Maite Gurrutxagak eskainitakoan, eta Iurretako liburutegian beste batean, Lorena Martinez Oronozek eskainitakoan. Pandemia sasoian, umeen txokoaren alboan txoko bat prestatu nuen niretzat, tenpera, artazi, kola eta abarrekin. Eta hortxe hasi zen dena esperimentatzen. Etxepare sarietara, batez ere, neure buruari epe batzuk ipintzeko aurkeztu nuen.

Normalean, album ilustratuetan bikoteka lan egiten da, baina kasu honetan, niri biak interesatzen zaizkidanez, eta esperimentatzeko gogoa eduki dudanez, ba, horrela izan da. Niretzat inbestigazio lan bat izan da, aurretik ez nekielako liburu bat zelan egin. Liburu bat osorik zelan egituratu ikasi behar izan dut eta oso esperientzia ona izan da.

Errepikatzeko modukoa?
Betiere, plazeragaz lotuta badoa. Hainbat proiektu dut buruan, poemak, ipuinak, album ilustratuak... baina ez dut korrika ibili gura, edo presiopean. Egia esan, ez naiz gauzak epe luzera pentsatzekoa. Orain honegaz disfrutatzen nabil. Dorotea kaleratu dut, eta aurkezpenak ditut. Horixe dut buruan. Aurretik ipuin kontaketak egin izan ditut, 0tik 3 urtera bitarteko umeen irakurketa kluba gidatu dut, baina arlo horretan ez naiz profesionala. Egingo ditudan lehenengo aurkezpenak dira hauek, eta gozatu egin gura dut.

Etxepare saria jasota, zelan geratu zara?
Sorpresa bat izan zen eta pozez gainezka nago. Askotan ez zaio norbere lanari behar den besteko balioa ematen, eta horrela beste era batera ikusi dezakezu. Bestelako proiektuei ekiteko motibazioa ere pizten dit. Horrez gainera, kontaktuak egin ditut orain, eta argitaletxe batek zelan funtzionatu dezakeen ikusi dut. Oraindino gauza mordo bat dut ikasteko.

Zer ikusiko du Artekako erakusketara doanak?
Erakusketan ilustrazio originalak daude, collage teknikagaz eginikoak, adibidez; lanen testurak ikusiko dira bertan, bolumenak...  inperfekzioaren aldarrikapena ere bada (barrez).

Tarte gozo bat pasatuko dugu. Istorioak kontatzean egundoko konexioa lortzen da umeekin, eta itzelean gozatzen dut horregaz. Haurren begiradak, erantzunak, mundua ulertzeko modua, freskotasuna... niretzat plazer bat da hori eurekin partekatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!