Umeen iritziz, txakurgune larregi dago Durangon. Parkourra praktikatzeko gune bat faltan botatzen dute, bidegorri sarea hobetzea eskatu dute, eta komenigarritzat jo dute hilerri ondoan mahaiak ipintzea. Beste eskarietako batzuk guraso bako txiki-park bat, kale izendegian emakumeen presentzia areagotzea edo txiroentzako babesleku bat sortzea dira. Era berean, eskoletako patioak zabalik egon daitezen eskatu dute. Aldiz, indargune lez identifikatu dituzte Open Shop denda, Otamotzena parkea, Zuhatzola parkea, Tabirako igerilekuak, Ezkurdiko parkea, Zugaza zinema, Telepizza edo San Agustin kulturguneko antzerki saioak.
Julián Ríos alkateordearen eta Marian Bilbatua zinegotziaren berbetan, udalarentzat "berebizikoa" da herriko umeekin askotariko komunikazio kanalak izatea, "askotan ez direlako haien iritziak kontuan hartzen". Durangoko Umeen Kontseilua alkatetzaren aholkularitza organo bat da. Herriko sei ikastetxeetako 12 neska-mutilek hartzen dute parte. 10 eta 12 urte bitartekoek. Otsailean ekin zioten indarguneak eta gabeziak identifikatzeari. Orain, udalak erronka berriei erantzungo die. Identifikatutako zenbait ahuleziri irtenbidea emateko lanetan hasiko direla aurreratu dute udal iturriek.