Gaztetxea izandakoa botatzeko irtenbide bila jarraitzen dute

Anboto 2021ko urr. 29a, 14:07

Durangoko Udala eta eraikinaren jabeak elkarrekin batu dira. Orain, URAgaz batu gura dute, "eraikina botatzeko konponbideak topatzeko".

Durangoko Udalak ohar batean jakinarazi du Montevideo kaleko Uribarri 23 eraikina botatzeko lanetan jarraitzen duela. "Jabetza pribatuko eraikina denez" eta haren kokalekua "jabari publiko hidraulikoan dagoenez", udalak gura duena da "URAk eta eraikinaren jabeak" eraikina botatzeko prozesua ahalik eta lasterren desblokeatzen laguntzea. Udalak dio "asteak" daramatzala URAk bilerara noiz deituko zain. Bestalde, Durangoko EAJk eraikina botatzeko "beharrezko pausoak" eman ditzan eskatu dio gobernu taldeari, herritarren osasunarekin "kezkatuta"dagoela eta. Jeltzaleen berbetan eraikina "puntu beltza" da aspaldidanik.

Eraikin "ilegala"

Auzia aspaldikoa da. Auzitegi Gorenak eraikina "ilegala" zela ebatzi zuen 1970eko martxoan kaleratutako agirian. Are gehiago. Ebazpenak jasotzen zuen eraikina bota egin behar zela, baina, gaurdaino ailegatu da urterik urte. Denbora tarte horretan zehar, eraikinak hainbat funtzio izan ditu: etxetresnen denda, notaritza, erregistroa eta gaztetxea. 2020ko otsaileko osoko bilkuran, gaia osoko bilkurara ailegatu zen. Montevideo kalearen bueltako bizilagun batek beste 200 bat lagunek babestutako mozioa helarazi zien politikariei. “Eraikina bota dadin beharrezkoak diren pausoak ematea” eskatu zioten udalbatzari. Alderdi guztiek aho batez onartu zuten mozioa.

Akordio “nulua”

2017ko otsailaren 7an eraikina botatzeko akordioa sinatu zuten Durangoko Udalak (garai hartan EAJren eta PSE-EEren eskuetan) eta URAk. Bakoitzak bere partetik 425.000 euro ipiniko zituztela adostu zuten. Baina 2020ko otsaileko osoko bilkuran udal idazkariak esan zuen “nulua” da akordio hori. Akordioa ez zelako inolako txosten juridikotan oinarritu,  eta ez zelako erabakia justifikatzeko txosten fiskalik aurkeztu.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!