Azken orduetan bolo-bolo zabaltzen ari da WhatsApp bidezko audio bat. Bertan aditzera ematen denez, iruzurrak egin dituzte Izarbide eta Beittu izeneko dendetan. Durangon badira izen hori duten bi negozio. Herritar askok pentsatu dute iruzurrak bi denda horietan gertatu direla. Baina ez da horrela.
ANBOTOk baieztatu ahal izan duenez, iruzur horiek ez dira Durangon gertatu; Eibarren baino. Eibarko Beittu audio-optikako Lorea Urdanpiletak jakinarazi duenez, Patricia Carracedo lankideak grabatutako audioa da. Eibarren lau kasu erregistratu direla azaldu dute. Iruzurra atzo gertatu zen. Beittu Optika zarratuta zegoen orduetan, ondoko lokal batera deitu zuten audioptikako arduradunak zirela esanez, eta mezulari bat pakete bategaz helduko zela eta, ea paketea jaso zezaketen eskatzen. "Ondoko lokalekoa berria denez ez zen konturatu ez ginela gu deitzen genbiltzanak". Paketea ordaintzekoa zenez, 62 euro ordaindu zituen. Arratsaldean, audioptika zabaltzerakoan ondoko lokalekoak paketeagaz joan zitzaizkien eta barruan txakur baten uhal zahar bat aurkitu zuten. "Patricia lankideak berehala zabaldu zuen mezua WhatsAppetik, jendea jakinaren gainean egon zedin". Urdanpileta azaldu duenez, Eibarren horrelako lau kasu gertatu dira. Ertzaintzaren iturrien arabera, bertako komisaldegian lau salaketa jarri dituzte.
Bestalde, hedabide hau Durangoko Dendak Bai elkarteagaz harremanetan ipini da. Bertako arduradunek jakinarazi dutenez, Durangon antzerako iruzur saiakera bat egon da. Iruzurgileek Montevideo kaleko negozio batean egin dute saiakera. Dendako arduradunak susmo txarra hartu dio eta ez du paketea jaso.