“Bidean topatzen dudan guztia nire erritmo entsaladara botatzen dut; hortik dator Beat Salad”

Aritz Maldonado 2021ko urr. 29a, 15:00

Arkaitz Cayado 'Itsua'-k bizi osoa darama musika egiten. Etenik barik sortzen eta ekoizten du musika. 'Alma negra', publikatu duen azken lana, angolar jatorriko Sinua abeslari bilbotarragaz batera sinatu du.

Sinua Euskal Herrian bizi da, berak eta gurasoek Angolatik ihes egin zutenetik. "Showman eta speaker" lez definitzen du bere burua, baina, horrez gainera, Euskal Herriko hip hop mugimenduko kidea da, N2ogu, +Kesoul edo La dolce rima kolektiboetako parte. 'Itsua'-k, rapeatzailea izateaz gainera, soul eta R&B doinuetarako gaitasuna duela nabarmendu du, eta horri lotuta, mimoz prestatu dizkio instrumentalak. 'Alma negra'-k astebete baino ez darama kalean, eta denbora honetan Amazon Music zerrendan sartzeak duen garrantzia ere nabarmendu du musikari durangarrak.

Nondik dator elkarlan hau?
Sinuak eta biok aspalditik ezagutzen dugu elkar. Sortzez angolarra da, baina, txikitan, bere gurasoekin batera ihes egin zuen eta Euskal Herrira etorri ziren. +Kesoul deitzen zen talde bateko kidea zen eta gauza pare bat elkarregaz kaleratu genituen. Lan hau orain urte mordoa hasi genuen, baina bidean aita izan zen, baita ni ere, eta beste hainbat kontutan ere ibili gara. Pandemiaren eraginez, baina, abesti zaharren bat berreskuratu nuen, eta fresko irauten zuela iruditu zitzaidan. Horren ondoren, Sinuari idatzi nion proiektuari berrekin behar geniola esateko. Aurreko kanta horiek borobildu, eta kanta berriak ere sartu ditugu  diskoan azkenean.

'Alma negra'. Oso disko beltza geratu zaizue. Horixe zen asmoa hasieratik?
Ez, bidea egin ahala landu dugun zerbait izan da. Letra batzuk aspaldikoak dira, baina erreskatatu egin ditugu. Esango nuke Black lives matter [beltzen biziak inporta du] mugimenduak kontzientziak astindu zituela, bai komunitate zurian, baita beltzean ere. Gizartean aspalditik dagoen aldarrikapen bat da, beharbada ekologismoaren moduan, erakundeek ere bere egin dutena, eta honek balio dezake beste buelta bat emateko.

Zelan landu dituzu instrumentalak?
Nik sampling estiloa lantzen dut, biniloetatik, eta nire eskuetara jausten den dena sanpleatzen dut, berdin dit zein doinu den. Eta nire musika egiteko erabiltzen dut. Kasu honetan, instrumentalak Sinuari begirakoak egin ditut, rapeatzeaz gainera, abestu ere egiten duelako berak; soul eta R&B doinuetan ondo konpontzen da, eta hori aprobetxatu gura nuen. Gitarrak eta tronpetak ere sartu ditut, agian beste lan batzuetan ere erabili ditudanak, baina oraingoan presenteago egon direnak. Esango nuke lan hau organikoagoa dela.

Musika egiteko oso modu kolektiboa duzula esango nuke.
Alma negrako abesti bakarrak ez du kolaboraziorik. Beat Saladegaz hamahiru urte inguru daramatzat musika egiten, eta aurretik Kaspa de ratan ere egiten nuen musika, hamahiru urte nituenetik, eta horri eskerrak jende asko ezagutu dut musikan. Orain arte, kolaborazio asko ahotsenak izan dira, baina oraingoan musikariekin ere egin gura izan dut. Nik musika modu kolaboratibo batean ulertzen dut, ekarpena egin eta ikastean oinarritzen dena. Bidean topatzen dudan guztia nire erritmo entsaladara botatzen dut, hortik dator Beat Salad (barrez).

Zapatuan aurkeztuko duzue, zuzenean.
Bilboko Mytho aretoan aurkeztuko dugu. Gure aurretik, Peio eta Gunflow durangarrek abesti batzuk joko dituzte, eta euren ondoren guk diskoa osorik aurkeztuko dugu. Horrez gainera, azaroaren 13an Berrizko Hiltegixen, 20an Iurretako Abadetxean eta abenduaren 25ean Durangoko Txo! tabernan ere joko dugu. Kontzertuak jai lez planteatzen ahalegintzen gara. Uste dugu horrek berezi egiten dituela kontzertuak, dinamikoagoak; hainbat abeslari igotzen dira taula gainera, hizkuntza desberdinetan abesten dute, eta, gainera, dena erdi inprobisatuta dago. Udan Durangon jo genuen, eta jende asko etorri zen gugana oso gustura egon zela esatera. Asko hip hop munduagaz hartu-emanik ez duena, gainera!

'Alma negra', orri-markatzaileetako QR kodeetan

Itsuak eta Beat Saladek diskoak KD formatuan ez kaleratzeko erabakia hartu zuten. Buruari eta imajinazioari eraginda, eta baliabide teknologikoen erraztasunekin, bestelako formatu berezietan kaleratu dituzte euren azken lanak. Peiogaz batera kaleratu zuen 'Jostailua eta harria' txiskeroetan saldu zuten, eta 'Supreme salad' postaletan; bietan, QR bidez deskargatu zitekeen musika. 'Alma negra', ostera, orri-markatzaileetan kaleratuko dute. "Deskarga txartelak dira azken finean, baina zerbait txukuna egiten ahalegintzen gara. Ahal dugunean, biniloan ateratzen ahalegintzen gara, baina kasu denetan ezin da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!