Datorren martitzenean Durangoko memoria bizia berreskuratzeko proiektu kolektiboa aurkeztuko dute Andragunean, bertan bizi diren emakumeek zuzenduko dutena. "Amankomunean dugun memoria osatuko duen kontakizun bat eraikiko dute, gure historiari buruz duten ikuspegia hainbestetan kontatu ezin izan dutenen joanetorriak barne hartuko dituena", azaldu dute proiektua sustatzen duen Huts laborategiko kideek ohar batean.
"Elkarrizketa, konfiantza eta baterako ikastea izango dira gure lanabes nagusiak, eta arteak eta ikus-entzunezko sorkuntzak eskaintzen dituzten baliabideak erabiliko ditugu narratiba propio bat sortzeko", azaldu dute martitzeneko deialdiaren inguruan. Amaieran ikus-entzunezko dokumental baten itxura izango duen istorio bat kontatuko dute elkarrekin.
Huts laborategiak, proiektuaren sustatzaileak, ostiralero, azarotik maiatzera, tailer eta jarduera batzuk proposatuko ditu Andragunean, "bizitakoari berriro begiratzeko, entzuteko eta beste zentzu batzuk bilatzeko, bai banaka baita taldeka ere". Helburua Durangoko memoria biziari "beste ikuspuntuak lotzea da, hau osatuz; Gerra Zibiletik gaur egun arte, horren ezagutza kokatutik abiatuta, gizarte gisa nor garen eta zein erronka ditugun hobeto ulertzeko asmoarekin". Egitasmoak Durangoko Udalaren babesa jaso du.
Huts laborategia
Huts laborategia Raquel Calvo eta Zuriñe López de Sabandoren eskutik sortu zen, aspalditik biak interesekoak dituzten gaiei buruz banaka eta taldeka pentsatu ahal izateko toki gisa: giza eskubideak, justizia soziala, feminismoa, artea, ikus-entzunezko sorkuntza, diskurtsoaren eraikuntza eta komunikazio-prozesuak, besteak beste.
Ikus-entzunezkoen ekoizle eta sormen-laborategi itxura hartu zuen huts-ek 2021ean, nahiz eta dagoeneko ekimen batzuk badituen, hala nola Palestina, Agora Artística Artística eta Yungay 7020 dokumentala (Zinebin estreinatuko dena azaroan).