Egitarau zabalago batekin, "indartuta" iritsiko da egitasmoaren edizio berria Gerediaga elkarteko kudeatzaile Beñat Gaztelurrutiaren arabera. "Orain dela hiru urte hasitako bidea sakondu nahi izan dugu, DA! PROri bultzada sendoagoa emanez. Sortzaileentzat topagune bat sortu nahi dugu hartu-emanetan jartzeko arlo honetako profesionalekin, etorkizunean proiektu berriak sortzeko aukera aztertzeko" azaldu du Gaztelurrutiak gaur Bilbon egindako aurkezpenean.
Topagunearen bidez, profesionalei bidea egiteko beharrezkoak dituzten baliabideak garatzeko aukerak eskaini gura dizkiete. "Euren proiektu berriak ezagutarazi, merkaturatzeko bideak zehaztu, eurentzat bitarteko baliagarriak zeintzuk izan daitezkeen aztertu...", nabarmendu du Gerediagako kudeatzaileak. Abenduaren 1ean eta 2an musikariek eta familia-ikuskizunetako sortzaileek euren lanak programatzaileen aurrean aurkezteko aukera izango dute. Abenduaren3an, ostera, literatura-lan batek zinemarako bidea egiteko zer nolako prozesua jarraitu behar duen aztertuko da idazle, editore eta ekoizleen eskutik. Abenduaren 4rako, ostera, solasaldia antolatu dute, egile eskubideei, komunikazioari eta kontratazioei buruz berbetako, besteak beste.
Parte hartzea doakoa izango bada ere, lehenengo hiru egunetako ekitaldietan izena eman beharko da aurretik.Topagunea Durangoko leku desberdinetan egingo da (San Agustin kulturgunean, Bizenta Mogel Bibliotekan, Zugazan eta Landako Gunean.