Durangoko pistak master mailako Espainiako atletismo txapelketa hartuko du domekan

Joseba Derteano 2021ko urr. 28a, 10:22

DKT taldeko Sonia Oceja eta Orkatz Beitia atzoko prentsaurrekoan.

Durangoko atletismo pistak master mailako Espainiako txapelketa hartuko du domekan, 10:00etan hasita. Txapelketa mistoa da eta Espainiako Lehen Mailan dabiltzan zortzi talderik onenek parte hartuko dute.

Euren artean, Durango Kirol Taldea (DKT) dago, ekimena antolatzeko ardura duen atletismo kluba. Sailkapen orokorreko laugarren tokian sailkatu dira txapelketarako, eta podiuma zapaltzeko aukera dute. "Bigarren eta hirugarren postuetatik gertu gaude eta borrokan egotea espero dugu", adierazi zuen DKTko Orkatz Beitiak ekimenaren aurkezpenean.

Txapelketan goi mailako atletak ikusteko aukera egongo da. Esaterako, DKT taldeagaz arituko den Aurora Perez madrildarra. Espainiako txapelketan 11 domina irabazi ditu maila absolutuan, eta beste 46 master mailetan dabilenetik.

Beitiak atletismo pistara joateko deia egin zien durangarrei. "Batzuetan jendeak pentsatzen du adin batetik aurrera ezin dela maila handiko kirolean aritu, eta txapelketa ikustera doanak bertatik bertara ikusiko du hori ez dela horrela", esan zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!