Durangoko gobernu taldea: "Jaurlaritzaren konpromiso argia behar dugu Durangoko eta Durangaldeko kutsadura desagerrarazteko"

Anboto 2021ko urr. 26a, 10:36
Durangoko Udaleko ordezkariak Eusko Jaurlaritzan, 2020ko urrian.

Durangoko Udalak kritikatu du Jaurlaritzagaz batu eta bost hilabetera ez duela airearen kalitateari buruzko azterketaren emaitzarik jaso.

Durangoko Udala Ingurumen Sailagaz hartu emanetan ipini da berriro, airearen kalitatea hobetzeko pausoak eman daitezen eskatzeko. Kontua maiatzetik dator. Jaurlaritzak, ordu hartan, airearen kalitatearen inguruko azterketa baten behin-behineko emaitzak aurkeztu zizkion Durangoko Udalari, eta udalak gaur kritikatu du ia sei hilabete pasatu direla, eta "oraindik" ez dituela azterketa horren behin-betiko emaitzak jaso. 

Hori dela eta, udal zinegotziek nabarmendu dute "Eusko Jaurlaritzaren konpromiso argia" beharrezkoa dela, "Durangoko eta Durangaldeko kutsadura desagerrarazteko". Aritz Bravoren eta Jorge Varelaren berbetan, "berbek bakarrik ez dute balio, ekintzekin batera ez badatoz". Azpimarratu dute Ingurumen gaien eskumena Eusko Jaurlaritzarena dela, eta udala kexu da horrek "manbiobrarako tarte handirik" uzten ez duelako. Bestalde, "onartezintzat" jo dute "Eusko Jaurlaritzak baliabide nahikorik ez dutela esatea edo Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak presarik ez dagoela esatea". 

Bentzeno pikoak

Durangoko Udalak usain txarren jatorriari buruzko azterketa bat egin zuen 2019ko ekainaren eta 2020ko maiatzaren artean. Tecnaliak egin zuen ikerketa, eta txostenak utzitako  ondoriorik esanguratsuena izan zen Durangoko eguratsean bentzeno piko handiak erregistratu izan zirela noiz edo noiz. Adibidez, metro kubikoko 700 mikrogramo bentzeno erregistratu ziren 2019ko abenduaren 2an. Hori dela eta Durangoko Udalak azterlana aurkeztu zion Jaurlaritzari, baina kritikatu du Ingurumen Sailak ez duela gaia ikertzeko "baliabiderik izan", nahiz eta "Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak" Tecnaliaren azterlana "zuzena zela aitortu". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!