Urtero sasoi honetan ohi duen moduan, Movember giza mugimenduarekin bat egingo du aurten ere DRTk. Azaroan bibotea utziz gizonengan prostatako eta barrabiletako minbiziak prebenitzeko kontzientziazioan eragitea du helburu ekimenak, baina horren harira beste hainbat ekimen ere antolatzen dira dirua batzeko.
Iaz Movember mugimenduko bibotea marraztuta zuten maskarak edo musukoak atera zituzten. Aurten, aldiz, kamisetak eta pultserak atera dituzte, biak lehenengo aldiz. Azaroan zehar erosi ahalko dira. Pultserak zabaltzeko Dendak Bai elkartearen laguntza izango dute eta hainbat komertziotan egongo dira eskuragarri. Kamisetak Rugby Tabernan edo DRTko arduradunen bidez lortu daitezke; baita azaroaren 6an eta 20an Andra Marin jarriko duten postuan ere.
Ekimenaren erremate modura, Mov Day eguna antolatuko dute azaroaren 25ean Rugby Tabernan, zozketekin, pintxo-potearekin eta ekintza gehiagorekin.
Taberna batzuetan itsulapikoak ere jarriko dituzte ekarpena egin gura duenarentzat.
Durangon eta beste hainbat tokitan
Ekimena ahalik gehien zabaltzeko ahalegina da aurtengo beste nobedade bat. Tokian tokiko errugbi taldeekin elkarlanean arituko dira kamisetak eta pultserak Bilbo, Gasteiz, Hendaia eta beste herri batzuetan ere saldu daitezen.
Diru ekarpena egiteko beste modu bat internet bidezkoa da honako LOTURA HONETAN
Diru bilketa arrakastatsua
Iaz pandemia egoeran, orain urte biko zenbatekora heltzea kostatu egingo zitzaiela uste zuten, baina kontrakoa gertatu zen. Inoiz baino diru gehiago batu zuten: 2.600 euro. DRT estatu mailan dirurik gehien batu zuen hamar elkarteetako bat izan zen. Diru bilketan emandako igoera joera orokorra izan zen, mundu mailakoa. Guztira 85 milioi euro batu ziren iaz.
Kamiseten irudia, bibotearen irudiarekin.