Astelehenean hasiko da Berbaro elkarteak antolatutako Hirukoa lehiaketaren hirugarren edizioa

Anboto 2021ko urr. 22a, 18:00

Astelehenean, urriak 25, zabalduko dute lehen galdetegia.

Hirugarren urtez, Berbaro elkartetik Hirukoa lehiaketa antolatu dute. Datozen hiru asteetan, astero online galdetegi bat bete beharko dute parte-hartzaileek. Galderak mota askotarikoak izango dira: Durangoko historia, Durangoko eguneroko kontuak, kultura, kirola, pertsona famatuen aurpegiak asmatu, hieroglifikoak, eta abar luze bat.

Parte hartzea oso erraza da: hiru laguneko taldea egin, eta datozen hiru asteetan kaleratuko dituzten hiru galdetegiak bete eta bidali behar dira igande gaua baino lehen. Galdetegi horiek astelehenero eskuragarri ipiniko dituzte Berbaroren webgunean eta Berbaroren sare sozialetan (Twitter, Facebook eta Instagram).

Astelehenean, urriak 25, zabalduko dute lehen galdetegia. Aldi berean, astero-astero, sailkapena eta puntuazioak argitaratuko dituzte, eta behin hiru asteak pasata, puntu gehien lortu duen taldeak Errigorako otzara eder bat jasoko du sari moduan.

Pasa den edizioan 23 hirukotek hartu zuten parte, eta 'Zenitalde' izeneko hirukoteak eraman zuen Errigorako otzara etxera.

Hemen dena laburbiltzen duen BIDEOA.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!