"Edizio hau ekimena herriko kultur mapan egonkortzera dator eta apurka-apurka sektorearentzat erreferente bihurtzea eta ezinbesteko zita izatea desio dugu", adierazi dute antolatzaileek. Ordu erdiro ikuskizun bi egongo dira, biak batera; publikoko kideek lau antzezlan ikusteko aukera izango dute; horretarako, ordubete eta berrogeita bost minutu beharko dituzte. Sarrerak hiru euroan daude salgai.
"%100 euskal ekoizpenak"
Atara Zarata antzerki konpainiak asteburuan ikusiko diren lanen kalitatea azpimarratu du. "Publikoak %100 euskal ekoizpenak ikusiko ditu: Imperfeccionismo mágico talde gasteiztarra, Eneko Berasaluce aktore durangarra, eta antzezlan biren estreinaldiak izango dira tartean", argitu dute. Hain zuzen ere, Atara Zarata eta Culturar-t konpainiek Quemar las calles lana estreinatuko dute. Irati Herrerosek zuzendu du obra, eta Markel Ganboak antzeztuko du; bestalde, Aroa Blancoren eta Aitor Arabiourrutiaren Las Paralelasek El golpe estreinatuko du. Imperfeccionismo mágico gasteiztarrek Euskal Western bat lana taularatuko dute. Amaitzeko, Eneko Berasaluce durangarrak Sobre el daño que hace el tabaco antzeztuko du.