Alberdiren lau okindegi itxi egin dituzte eta eskualdeko gainerako sei ogi ekoizle berriekin jarraituko dute

Joseba Derteano 2021ko urr. 22a, 16:50

Iurretako Panificadora Alberdi enpresa asteon itxi dute, ia ehun urteko ibilbidearen ondoren. Bertako zazpi langileek eguaztenean izan zuten azken laneguna. Ogia eta gozogintza egin, eta eskualdean izen beragaz funtzionatzen duten okindegietara banatzen zuten.

Azken urteetan, ogiaren ekoizpenak behera egin du Panificadora Alberdin, eta ateak ixtearena ortzemugan ikusten zen erabakia dela uste du Jaime Intxaustik, enpresan ordezkaritza bakarra duen CCOO sindikatuko ordezkariak. Hedadura handiko supermerkatuen konpententzia da arrazoietariko bat, Intxaustiren esanetan. “Supermerkatu handiek kostuko prezioaren azpitik saltzen dute ogia. Erosleak erakartzeko erreklamua da. Ondoren, erosle horiek supermerkatuan erosten dituzten gainerako produktuekin lortzen dituzte irabaziak. Enpresa txikiek ezin dute lehiatu horregaz”, baloratu du.

Enpresako arduradunak langileekin akordio batera heldu direla azaldu du Intxaustik. “Alde biek ipini dute eurenetik apur bat, eta ez da arazorik egon”, azaldu du.

Okindegiek, ateak itxi ala ez?
Durangaldean, Alberdi izeneko hamar okindegi egon dira. Lokalak enpresarenak dira eta orain arte alde bien arteko akordioen bitartez funtzionatu dute. Orain, egoera eta baldintzak aldatu egin zaizkie eta honako hau da lehenengo hartu behar duten erabakia: aurrera jarraitu ala ez.

Lau okindegik ateak itxi dituzte. Iurretan zegoenak eta Durangoko hiruk: Matxinestarta kalekoak, Anboto kalekoak eta Askatasun Etorbidekoak. Iurretako denda zortzi urtean eraman duen Ruper Blancok bere kasua azaldu du. “Lehen ez nuen alokairurik edo argindarrik ordaindu behar. Orain, alokairua, argindarra, udaleko tasak eta abar ordaindu behar nituzke. Kontuak atera ditut eta ez dit merezi zabalik mantentzea”, dio.

Anboto kalekoak arrazoi pertsonalengaitik itxiko du, eta Askatasun Etorbidekoak erretiroa hartuko duelako. Baina azken hori laster zabalduko dute berriro, arduradun berri bategaz. Izan ere, arduradun batzuek lokalez aldatzea erabaki dute eta horixe da Traña-Matienako Trañabarren kalean dagoen okindegiaren kasua. María Soledad Samosek bederatzi urtez gidatu duen denda orain hiru bat aste itxi zuen, betiko, eta azaroaren 1etik aurrera erronka berri bati ekingo dio Durangon, Askatasun Etorbidean. Matxinestarta kalekoak ere berriro zabaldu ditu ateak asteon arduradun berriekin.

Beste denda batzuek ere aldatu egingo dute lokala. San Fausto auzoko okindegikoek orain daudena utzi eta albo-alboan dagoen beste batean jarraituko dute euren ibilbidea. Azkenik, Durangoko Erretentxu kalekoa orain dagoen lokalean geratuko da beharbada, baina beste bat begiratzen ere badabiltza. Ez dute baztertzen oraingoari eustea eta berri bat zabaltzea.

Aurrera jarraituko duten dendek ogia eta gozogintzako produktuak eskaintzen jarraitu dute. Denda guztiak bat datoz ezaugarri batean: ogiaz gainera bestelako produktuak ere saltzen dituzte, eta Muruetatorren dagoen okindegiko Isabel Urkiolaren ustez, “denda txikientzat ogia saltzea erreklamu bat da gero beste produktu batzuk saldu ahal izateko”.

Zabalik jarraituko duten dendetan, ogi berria saltzen dabiltza eguenetik. Lehen, Alberdi enpresakoa saldu behar zuten derrigorrez, baina aurrerantzean eurena izango da erabakia. Batzuek lantegi batetik baino gehiagotatik ekarriko dute ogia. Esaterako, Erretentxuko dendak baserriko ogiaren aldeko apustua egingo du besteak beste, eta Elorrioko Matzorri baserrikoa eta Izurtzako Antonio Txikikoa salduko ditu. “Kalitatearen” aldeko apustua da, dendako arduradunek azaldu dutenez.

Egunotan, galdera hau ere egin diote euren buruari okindegietako arduradunek: gustatuko ote zaie ogi berria bezeroei? Kezka hori badutela onartu dute arduradunik gehienek. Horregaitik, Muruetatorreko Isabel Urkiolak honako hau egin du: aurreko astean, hornitzaile berriaren ogia probatzeko eman zien bezeroei, euren iritzia jasotzeko. “Hamarretik zortzik gustatu zaiela esan didate; beraz, itxaropentsu nago”, esan du. Usansoloko enpresa batetik ekarriko du ogia. Zaldibarko arduradunak dio orain arte saldu duenaren antzekoa dela ogi berria, eta, beraz, gogokoa izango den esperantza du.

Azkenik, dendek izen berria aukeratu behar dute aurrerantzean. Gehienak pentsatzen dabiltza oraindino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!