Epe luzeko langabeak "hondoratuta" egotetik ateratzea, gizarte ongizatea mantentzeko erronka nagusietariko bat

Aritz Maldonado 2021ko urr. 22a, 09:16

Epe luzeko langabeziaren auzia gizarte ongizatea lortzeko erronka nagusietariko bat dela esan daiteke; izan ere, enplegua urteetan edukitzeak pisu handia izan du gizarteratzean. Horrez gainera, ongizate estatu horretan mantentzeko beharrezkoak diren diru sarrerak bermatu beharko lituzke. Ez da arazo berria. Azken hogei hilabeteetako osasun krisiak ondorioak areagotu egin dituela nabarmendu dute hainbat adierazlek.

"Orain artean, lana gizarteratzeagaz edo integrazio prozesuekin lotu izan da. Azken urteetan, baina, lan baldintzen prekarizazioagaz lana edukitzeak ez du bermatzen gizarteratzea. Gainera, 2008ko krisialdi ekonomikoa gainditu ezinik ibili dira familia zaurgarrietariko asko. Ondorioz, handitu egin da pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren arrakala", azaldu du Ainhoa Díez gizarte langile durangarrak. Are gehiago, Foessa fundazioak osasun krisialdiak arrakala hori sakontzea eragin duela nabarmendu du bere azken txostenean. "Jende askok  bere bizitzako ia esparru guztietan ikusi du bere burua arriskuei aurre egiten: osasun ziurgabetasunari, diru sarreren galerari, isolamenduari, langabeziari, buruko osasunagaz loturiko gaixotasunei... Dei egin behar diogu gizarteari, krisialdiaren inpaktua atsekabegarria eta oso kezkagarria delako".

Foessa fundazioa gai sozialak ikertzeaz eta hauek zabaltzeaz arduratzen da, besteak beste. 1965ean sortu zen, eta 1995etik garapena eta bazterkeria soziala aztertu ditu Espainian eta bertako autonomietan. Hain zuzen ere, Foessak Ainhoa Díez gizarte langile durangarraren tesia saritu du aurten. Fundazioak zortzi aldagairen arabera neurtzen du bazterketa: enplegua, kontsumoa, osasuna, hezkuntza, politika, etxebizitza, gatazka soziala eta isolamendu soziala. Horien artean, nabarmendu dute etxebizitza, energia, ura eta Interneterako sarrera "praktikan asetzen ez diren giza eskubideak" direla, eta, "lana edukita ere", zailtasunak dituzten familiak daudela. Espainiako INEren azken datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 23.300 lagun urte bitik gora dabiltza lan bila.

Pertzepzio aldaketa
Epe luzeko langabeziak bestelako ezaugarriak ere garatu ditu azken urteetan, besteak beste gizartean langabearekiko dagoen pertzepzioa. "Lehen, beste modu batera ulertzen zen langabezia. Sistema kapitalista batean bizita, sistemaren ziklo aldaketetan biktima lez ikusten zen langabea. Gaur egun, diskurtsoa aldatu egin da, eta zama handia ipintzen da pertsona horrengan. Kriminalizatzeko joera bat dago, eta lanik egiten ez duenak ez duelako gura izaten dela esaten da", azaldu du Diezek. Foessaren txostenaren arabera, gainera, azken krisialdia eragin zuzena edukitzen ari da orain arte gizartearen oinarririk sendoenetariko bat izan den horretan, familiarengan, hain zuzen ere. "Joera hau oso kezkagarria da, biztanleriaren garapen psikoemozionalean izan dezakeen eraginagaitik", gaineratu du Diezek.

Lau familia tipologiak
"Tradizionalki" kolpatuenak diren kolektiboetariko bi adin txikikoak dituzten familiak eta migranteak dira, Foessaren esanetan. "Adin txikikoak dituzten etxeen kasuan, bazterkeria sozialean jausteko arriskua %27koa da (umerik bako etxeetan %18koa da); familia ugarien kasuetan, %47koa da arrisku hori, eta adin txikikoak dituzten eta guraso bakarra diren familien ia kasu erdietan dute bazterkerian jausteko arriskua. Gurasoa emakumezkoa den kasuetan, are nabarmenagoa da arrisku hori", adierazi du. Bere tesian, Diezek lau familia tipologia banatu ditu epe luzeko langabeziaren inpaktuaren arabera, eta honi aurre egiteko estrategien arabera: begira dauden familiak, nabigatzen dutenak, ur gainean mantentzen direnak eta hondoratuta daudenak. "Hondoratuen multzoan dauden familiak, adibidez, zaurgarritasun egoera larri batean daude, eta hainbat aldagairen ondorioz hondoratuta jarraitzen dute. Lana edukita ere, ez dute beste babes faktorerik, eta ezinezkoa zaie ur gain horretara irtetea", gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!