“'Gura baduzu lortuko duzu' diskurtsoa ez da ona; baliabideak ere behar dituzu aurrera egiteko”

Aritz Maldonado 2021ko urr. 22a, 09:16

Ainhoa Díez Sanz durangarrak 'Afrontamiento y resiliencia frente al impacto del desempleo de larga duración en Bizkaia' tesia publikatu du. Foessa fundazioak bere tesia publikatu eta gero, Díez pozik dago, izan ere, fundazioa "erreferentziazkoa" da gizarte bazterkeriaren gaia jorratzen. Autoreak krisi ekonomikoaren ondorioak, honek enpleguan izandako eragina, eta familiak eta norbanakoek epe luzeko langabeziari aurre egiteko dituzten estrategia eta erresilientzia aztertu ditu besteak beste. Gizartean geroago eta hedatuago dagoen fenomenoa dela nabarmendu du.

Epe luzeko langabeziaren eragin kuantitatiboa bakarrik ez, auzi soziala dela eta horrela tratatu behar dela diozu tesian.
Master amaierako lana egiterakoan, erresilientzia kontzeptua oso psikologizatua dagoela ikusi nuen. Pertsona bakoitzak edo familia batek modu batera edo bestera erantzun diezaioke epe luzeko langabezia egoera bati, baina ez da bakarrik norberaren gaitasun pertsonalen araberakoa. Inguruan duzun azpiegitura edo babesa ere oso garrantzitsua da. Erresilientziaren diskurtsoa orain arte gaitasun pertsonalari eta pertsonen arteko harremanei lotu zaie batez ere, baina alderdi soziala ere errekuperatu behar da. 'Gura baduzu, lortuko duzu' diskurtsoa ez da ona. Baliabideak ere eduki behar dira horrelako egoera bati aurre egin edo hortik irteteko.

Zein metodologia erabili duzu ikerketarako?
Sakoneko elkarrizketak egin ditut, azken finean pertsonen bizipenetatik osaturiko errelatoa egin gura nuelako. Epe luzean lanik barik zeuden emakumezkoak eta gizonezkoak elkarrizketatu ditut; funtsean, jasandako inpaktua aztertu dut, baita ere gero zelan egiten dioten aurre egoerari. Maila indibidualeko inpaktua osasun mentalean zein fisikoan ikusten dut, eta hartu-emanetan zelan eragiten duen, edo etxeko dinamikan, bikote hartu-emanetan zein seme-alabekin. Inpaktuaren alderdi desberdinak ikusita, bakoitzak egoerari zelan aurre egiten dion ikusi dut, eta emaitza horien arabera lau familia tipologia agertu zaizkit. 30 bat lagun elkarrizketatu ditut, horien artean seme-alabak mantendu behar dituztenak.

Lanaren abiapuntua 2008ko krisi ekonomikoan eta haren eraginean kokatu daiteke. Gaur egun, krisi berri baten atarian gaudela diote. Ikasi dugu ezer aurrekotik?
Koronabirusaren agerpenak gure ekonomia zelako hauskorra den erakutsi du. Ikusi da ekonomiak ezin duela aurrera egin denok etxean geratzen bagara. Alde positiboa nabarmentzekotan, osasun, gizate zerbitzu eta hezkuntza sistema publiko indartsuak edukitzeak zelako garrantzia duen agerian geratu da; inbertitu ezean, arrakala handitu egingo da. Edozein krisi ekonomikok erroan dauden gabeziak azaleratzen ditu, eta hauek begi bistan geratu dira oraingoan ere. Honek guzti honek buruko gaixotasunean izan duen eragina ere nabarmendu da; hau da, hartu-eman edo kontaktu faltak buruko eritasunetan eduki duen eragina, eta hemendik aurrera are gehiago kontuan hartzea espero dut.

Zelan eragiten du epe luzeko langabeziak?
Patroi batzuk betetzen dira. Azken batean, helduon kasuan, lana nortasunaren zati garrantzitsu bat da. Zati hori galtzean, ematen du ez duzula beharbesteko baliorik, eta horrek eragin zuzena du, adibidez, autoestimuan. Elkarrizketatuetariko hainbatek esan didate ezertarako balio ez duten sentimendua dutela. Adibide bat ematearren, imajinatu lan bila dabilen 50 urtetik gorako jendea. Jende horrengan frustrazioa nabaritzen da. Egoera horretan, askok depresioa eta antsietatea garatzen dituzte. Eta ez da bakarrik lana ez edukitzea. Lana diru sarrera nagusia izaten da, eta, beraz, diru hori beharrezkoa da etxea ordaintzeko, arropa eta janaria erosteko... Diru falta horrek, familia mantendu ezin horrek, estresa eragiten du eta hori kontuan hartu beharko litzateke.

Pertsona horiek sentitzen duten bazterketa ez da izango azalekoa edo izugarria beharbada, baina  egunerokoa da. Eta, askotan, langabezia erabaki pertsonal bat balitz lez lotzen delako agertzen da. Askotan, ez da kontuan hartzen gizartean badagoela kolektibo bat ezin duena lanik egin, eta hori kriminalizatu egiten da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!