Urriaren 28ko ekitaldia saririk izan ez duten baina aipamena merezi duten film laburrak eskainiz hasiko dute. "Maila handiko lanak egon dira eta errekonozimendua merezi dute", nabarmendu du Kiroleneko Kimetz Iturraldek.
Horren ondoren, natura arloko kirolei eta arlo horretako formakuntzari bizia eskaini dien Juan Antonio Laredo donostiarra omenduko dute. Gainera kirol askotako formakuntzan "aintzindaria" izan da, Iturralderen esanetan.
Eguna errematatzeko, La montaña del alma izeneko dokumentala eskainiko dute. Gazte batzuek izandako enpresa-ideia batean du sorburua dokumentalak. Elurretan galduriko jendearen bilaketa erraztu dezakeen gailu bat lantzen dabiltza, eta behin, Alex Txikonen espedizio batera batu ziren gailu hori mendi garaietan probatzeko. Dokumentalak orduan bizitako esperientziak batzen ditu.
Barikuan, sari banaketa
Urriaren 29a jaialdiko ekitaldi nagusiagaz hasiko dute: film labur sarituen sari banaketa. Film sarituak ikusteko aukera egongo da.
Ondoren, Kirolenek eta GaituzSportek landuriko ikus-entzunezko bat landuko dute, inklusioa eta genero ikuspegia oinarri dituena. Dokumental horretako protagonista Nilofar Bayat da. Afganistanetik ihes egin beharrean izan da eta Bilbon amaitu du. Bilbao Basketeko gurpildun aulkiko saskibaloi jokalaria da orain.
Azkenik, Durangaldeko lagun batzuek 2019an landutako Elur Goritan Kamchatka izeneko ikus-entzunezkoa eskainiko dute San Agustinen.
EGITARAUA; URRIAK 28, 19:00
• Saria irabazi ez arren, aipamen berezia merezi duten film laburren emanaldia.
• Juan Antonio Laredori errekonozimendua.
• ‘La montaña del alma' ikus-entzunezkoaren emanaldia.
EGITARAUA; URRIAK 29, 19:00
• Kirolene Film Fest-eko sari banaketa eta lan sarituen emanaldia.
• Nilofar Bayat-i buruzko ikus-entzunezkoaren emanaldia.
• Durangaldeko 'Elur Goritan Kamchatka' ikus-entzunezkoa.
*TOKIA: San Agustin Kulturgunea.
*SARRERAK: San Agustinen eta Arte eta Historia Museoan, astelehenetik aurrera.