“Rugby taberna zabaltzeko gogoz egon da jendea, eta oso pozik gaude harreragaz”

Aitziber Basauri 2021ko urr. 16a, 10:30

Durangoko Rugby Taberna zabaldu dute urrian. Jon Zuazubiskar sukaldari durangarra eta Xabier Sánchez komunikatzaile eta dibulgatzaile gastronomiko sestaoarra daude tabernaren norabide berriaren atzean. Osasun larrialdia bertan behera geratu ondoren, neurri murriztailerik bako lehenengo asteburua izan dute pasatu berri duguna. Pozik daude herritarren harreragaz.

Zelan etorri zaizue Rugby taberna hartzeko aukera?
Orain pare bat urte eskaini zidaten aukera, baina ordurako beste proiektu batean hasita nengoen. Oraingoan, ostera, neure kontura lanean hasteko gogoz egon naiz. Hauxe zen momentua.

Erronka handia izan da?
Bai, neure gain hartzen dudan lehenengo proiektua delako. Betidanik gura izan dut neure proiektua martxan ipini. Rugby taberna esperientzia hartzeko modua da, etorkizun batean neure proiektu propioa martxan ipini ahal izateko.

Sukaldaritzan baduzu eskarmentua.
Bai, bederatzi urtean lan egin dut ostalaritzan, sukaldean. Tabernako barraren atzean estreinako aldia da.

Sanfaustoetako lehenengo asteburu luzea izan duzu hau. Zelan joan da?
Neurri murriztailerik bako lehenengo asteburua izanik, jendeak gogo handiz irten du. Rugby taberna zabaltzeko gogoz egon da jendea, eta oso pozik gaude harreragaz. Oso asteburu gogorra izan da, baina pozarren gaude. Beti izan dut hartu-emana errugbiagaz, eta ordu asko egin dut Rugby tabernan laguntzen. Etxe bat izan da niretzat orain arte, eta are gehiago orain. Pintxo-pote egunetan ere etorri izan naiz laguntzera.

Eskaintza berritua egin gura duzue. Zelan egingo duzue?
Irlandan eta Ingalaterran sorturiko kirola da errugbia. Bada, hango gastronomian oinarrituriko errazio eta pintxoak eskaini gura ditugu iluntzetan, tokiko eta gertuko produktuen alde apustu eginda. Urri amaieran hasi gura genuke. Ez dakigu zelako harrera izango duen. Garagardo eskaintza berezia ere egin gura dugu. Karta lantzeko, Saltsanen aholkularitza dugu.

Kultur ekintzak ere egingo dituzue.
Taberna girotzeko, kultur eskaintza xumea lotu gura dugu. Rugby tabernaren 30. urteurrenean egin zen eskaintza hura berreskuratu gura dugu, bariku gauetan. Formatu txikiko ekintzak izango dira (bakarrizketak, abeslariak…), tabernak emandako aukeren barruan.

Gozogintzan ere  murgildurikoa zara.
Bai. Basque Culinary Centerren (BCC) masterra egin nuen eta proiektu txiki bat ipini nuen martxan. Etxean pastelak egiten hasi nintzen, enkarguz. Proiektu txiki hura handitzen hasita zegoela ikusita, utzi egin nuen. Ez neukan nahikoa baliabiderik aurrera egiteko. Sukaldari batek gozogintzaz ezer gutxi dakiela konturatu nintzen. Berdin gozogile batek sukaldaritzaz. Horregaitik, sukaldari lez gozogintza ikastea erabaki nuen.

Gura zenuke gozogintzan jardun?
Bai, Durangon gozogintzako lantegi txiki bat edukitzea gura nuke. Amets bat betetzea litzateke.

Pandemia oso gogorra izan da ostalaritzarentzat. Emango zaio buelta?
COVID-19agaz bizitzen jakin behar dugu, denon artean aurrera egiten. Jendea gogoz dago kalera irteteko, oporretarako, eta ostalaritzak ere emango dio buelta egoerari. Karaokea ere ipini gura dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!