Durangarrak 12 ordutik jaistea zuen helburu eta bete egin du. "Nire asmoa 12 ordutik jaistea zen eta helburua lortu dut. Pozik nago lortutakoagaz", azaldu du durangarrak. Bere helburua errez betetzeaz gain, Hiru Handiak mendi lasterketako podiumean egotea lortu du, bigarren helmugaratuta. "Dena ondo joanda lasterketa lehenengo bosten artean amaitu nezakeela uste nuen, baina podiuma beste mundu bat da. Niretzat podium honetan egotea oso polita izan da", aitortu du Arzak.
Hiru Haundiak lasterketan bigarrenez jantzi du dortsala Arzak. Lehenengoz 2010ean egin zuen lasterketa, "lagun batek burua berotuta". "Sasoi hartan bizikletan nenbilen, Cafes Baque taldean. Lagun batek burua berotu zidan: 'Sei hilabete ditugu aurretik, prestatu dezakegu' esan zidan, eta proba oinez egin genuen, 16 ordu eta 40 minutuan". Horren ostean, mendia alde batera utzi zuen. "Baina pandemia aurretik, sei bat hilabete lehenago, ultrak prestatzen hasi nintzen eta pandemian Hiru Haundiak proba berriro egitea sartu zitzaidan buruan".
Aurtengo helburuari begira, duela urtebete bere kontura saiakera bat egin zuen durangarrak eta 12 ordu eta 49 minutu behar izan zituen 101 kilometroak egiteko. Duela sei hilabete bigarren saiakera bat egin zuen. "Bigarren saiakera hau ezin izan nuen amaitu, 80. kilometroan erretiratu egin behar izan nintzen, tripetatik txarto nengoen eta. Hala ere, ordurarteko denborak esaten zuen lasterketan, ondobidean, 12 ordutatik bajatzea lortu nezakeela". Eta horrelaxe egin zuen, 11ordu eta 36 miñutuan Araiako helmugan egon zen.
Ingurukoei oso eskertuta
Arza lasterketa osoan zehar ondoan izan zituen familiarteko eta lagunegaz oso eskertuta dago. "Lasterketa osoan zehar Aitziber neska laguna eta familiakoak ondoan izan nituen. Eta oso eskertuta nago. Baina, batez ere, eskerrak eman gura dizkiet lagunei. Niretzat, Mikel, Peru, Ekaitz eta Edorta topatzea eta euregaz batera kilometro batzuk egitea itzela izan zen, psikologikoki izugarria izan zen", bukatu du Arzak.