Epaitegiko agindu batek bertan behera utzi ditu Durangoko ez-jaietarako aurreikusita zeuden udaltzaingoaren errefortzuak

Anboto 2021ko urr. 8a, 15:22

Hala ere, asteburuko udaltzain zerbitzuan errefortzua egon dadin lanean dihardutela dio udalak. 

Asteon Durangoko udalak iragarri du ez-jaietako egunetan udaltzainen langile kopurua bikoiztu egingo zela. Langileek urriaren 5ean jaso zituzten errefortzuko ordutegiak, ez-jaiak hasi baino egun gutxi lehenago. ELA sindikatutik salatu dutenez "ez da negoziaketarik egon, erabaki unilaterala izan da; gure ustez negoziaketa bat egon beharko zen aurretik". Horregatik, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen Bilboko epaitegian eta honek arrazoia eman die.

Durangoko Udala epaiaren aurka agertu da. Udal ordezkariek azaldu dutenez epaiari helegitea jarri diote. Epaileak udalaren eskaera horri egun batzuk barru erantzungo dio. Bitartean, asteburuan udaltzaingoan errefortzua jartzeko lanean dihardutela azaldu dute.

Horrez gainera, epaiak beste puntu bat ere jasotzen du, "errefortzurik ez dela behar" dioena, diote ELAtik. Dena kontuan hartuta, bertan behar utzi du udalaren erabakia. "Guk ez dugu hori eskatu", argitu dute ELAtik. "Errefortzuak egon izan dira aurretik bai jaietan eta baita Azokan ere. Guk errefortzuekin ez dugu arazorik. Kontua da negoziaketa baten ondorioa izan beharko liratekeela eta ez da horrelakorik egon", diote ELAko iturriek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!