Zer ikusiko du museora doan bisitariak?
Azken urte bietako lanak batu ditut erakusteta honetarako, eta bertan nire barruko munduan ikusten ditudan paisaia eta koloreak ikusi ahalko dira, baita haurtzaroko ametsak jolasteko modua ere, edo garai hartako freskotasuna.
Tamaina handiko piezak margotzen dituzu, eskuz, eta body paint-agaz uztartzen duzu. Zer dela eta?
Azkenaldian, tamaina handiagoko piezekin lan egin dut, eta horrela hasi naiz nire gorputzagaz lan egiten ere, berau artelanean integratzen body paint-aren bitartez. Eskuekin margotzen dut eta umetan margotutakoan sentitzen nuen askatasuna gogorarazten dit horrek. Askoz ere libreagoak gara umetan, eta margoagaz esentzia hori berreskuratu gura nuen. Marraztean energia sortzen dela uste dut eta horrek inguruan ere eragiten du. Koloreekin ere berdin; konexio moduko bat sortzen da, oso intuitiboa naiz aukeraketan; esan didate orain arte psikodelikoagoak direla obrak, kolore fluoreak erabiltzen hasi naiz eta. Margotzean, esango nuke unibertsoko beste plano batzuetarako ate edo leihoak zabaltzen direla. Energia berriaz ezartzen dira margotzean. Nire lanetan oso lotuta doaz gorputza, argia eta lekua.
Momentua disfrutatzea gustatzen zait. Margoak momentuagaz konektatzen lagundu dit, are gehiago performanceak egiteak. Bilboko erakusketa biak inauguratzerakoan, zuzenean margotu nuen. Hain zuzen ere, horretxek du xarmarik gehien niretzat, eta horixe erakutsi gura dut biharko ekitaldian.
Zapatuko aurkezpena Insömnia talde durangarragaz batera egingo duzu. Gogotsu zaude?
Niretzat oso positiboa da emakumezko artistekin horrelako gauzak egitea eta gure artea partekatzea. Urte askoan ez dugu horretarako aukerarik izan, eta orain bai. Durangoko Arte eta Historia Museoan bertako emakume artistek aukera hori edukitzea oso ondo dago. Garrantzitsua da hori erakustea.