“Mundu osoan zinema aretoei lotutako kutsatze bakarra detektatu da”

Ekaitz Herrera 2021ko urr. 8a, 09:30

Emilio Ferrerasek kudeaketa pribatua duen zinema areto bakarra kudeatzen du Durangaldean: Durangoko Zugaza zinema. Pozik hartu du osasun neurriak malgutzeko erabakia.

Eta, halako batean, zinema aretoek edukiera osoa berreskuratu dute.
Bai. Edukieraren %100, distantziak kenduta. Maskarak hor jarraitzen du eta hori ondo dago, batez ere sarrera-irteeretan egon daitezkeen pilaketei begira. Zineman jesarrita gaudela inork ere ez du berbarik egiten, ez duzu inor aurrez aurre. Eta kutsadurak saihestea dakar horrek.

Maila pertsonalean, zelan zaude? Zelan eragin dizu honek guzti honek?
Orain dezente hobeto nago. Gauza bat da egoera honetan hile bian egotea, eta beste bat urte eta erdian egotea. Jaso ditugun diru laguntza apurrenetariko batzuk mailegu modukoak dira eta, horrenbestez, bueltatu egin beharko ditugu. Euskal Autonomia Erkidegoan eskaini diren kultura laguntzak bestelakoak izan dira. Horrek bizirik irauteko modu bat eskaini digu. Baina egia da aurrera egitea kostatu egin zaigula. Asko.

Zugaza zinema Euskadiko Zine Aretoen Elkarteko kide da. Zenbat kutsatu erregistratu dira Zugazan edo  EZAEko aretoetan?
Kutsatzeak? Zineman? Hara, honako hau esan diezazuket: munduan ez da kutsatzerik detektatu zinema aretoei lotuta. Kasu bakarra baino ez da egon. Ameriketako Estatu Batuetan gertatu da. Are gehiago: bezero batek esan digu lagun bategaz pelikula bat ikustera etorri, gerora lagun hori kutsatuta zegoela jakin, eta bera ez dela kutsatu. Elkarren ondoan egon arren, ondokoak ez dira kutsatu. Horrek erakutsi du maskara eraginkorra dela.

Eta, hala ere %35eko, %50eko eta %75eko edukieragaz egon zarete.
Bai, zigor modukoa izan da. Eta jendearen jokabidean igarri dugu hori. Horixe esan digute. Jende batek beldurra zion zinemara etortzeari, kutsatzeen fokua hemen zegoelakoan. Askotan, bost, sei edo zazpi ikusle baino ez ditugu izan aretoetan. Orain, edukierak malgututa, pelikula mugimendu gehiago dabil eta Donostiako Zinemaldiak ere onera eragin digu.

Pandemia honetan zehar, honako eslogan edo lelo hau nagusitu da: "Kultura segurua da".
Bai, eta egia delakoan nago. Datuek horixe diote. Neuk ere ikusi dut hori. Eslogan zuzena dela deritzot.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!