“Taberna bateko gauzarik politena barra da eta gehienek horren falta igarri dute”

Ekaitz Herrera 2021ko urr. 8a, 09:30

Mila Eizmendi Durangoko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteko presidentea eta Mesoi Barria tabernako arduraduna da. Orokorrean, ondo ikusten du neurriak malgutzea, baina kexu da, Eusko Jaurlaritzaren araudi berria Durangoko jaien data bezperetan sartu delako indarrean. Horrek aurreikuspenak egin ezinda harrapatu ditu tabernariak.

Ia osasun neurri guztiak indargabetu dituzte. Zein iritzi duzu?
Neurri guztiak kentzea ondo ikusten dut. Horren zain geunden.  Dena dela, taberna barruetan maskararekin eta distantziak zaintzen jarraitu behar badugu, ostalarioi ezer gutxi aldatuko zaigu. Antzera batean jarraituko dugu. Neurri horiek guztiak beteta ezin da lanik egin.

Aspaldian ikusi bako irudi bat bueltatu da tabernetara: bezeroak barran kontsumitzen ikusi ditzakegu.
Eta oso ondo deritzot. Taberna bateko gauzarik politena eta beharrezkoena barra da. Euskal herritarrak poteo eta barra zaleak gara. Nik ez dakit zein zentzu izan duen orain arte eserita bai, baina zutik kontsumitu ezin horrek. Gehienek barraren falta igarri dute. Tabernako bizia barra da. Taberna bat barrarik gabe, ba, ez. Eta kontuan hartu behar dugu hemengo taberna txiki asko barrari eskerrak bizi direla, denek ez dutelako terraza handirik.

Eta testuinguru honetan, Durangoko jaietako datak ate joka. 
Neurri hau bat-batean etorri zaigu. Ez genuen uste askatasun hau izango genuenik, eta, noski, honek guztiak kili-kolo harrapatu gaitu, aurreikuspenik egin ezinda. Ez dakizu zer erosi, zer janari erosi, langile gehiago kontratatu ala ez. Izango dira ez jaiak edo nahi duzuna, baina zelan antolatuko gara? Bestalde, bezeroen jokabideari buruz, zer esan? Tabernariak nahikoa du neurriak betetzearekin. Bakoitzak bere lanak egin behar ditu. Guk, administrazioek eta bezeroek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!