Durango Rugby Taldeak zuzendaritza batzorde berria izateko hauteskunde prozesua abiatuko du azaroan

Anboto 2021ko urr. 7a, 15:02

Orain arteko kideek kargua uzteko borondatea azaldu dute, Jose Ignacio Azurmendi ‘Txusmen’-ek izan ezik. Ohiko eta ezohiko batzarra azaroaren 4an egingo dute, DRTren egoitzan.

Durango Rugby Taldeko Zuzendaritza Batzordeak ezagutzera eman duenez datorren azaroaren 4an klubak ohiko asanbladara ez ezik, ezohiko asanblada batera ere deituko du egun berdinean. Izan ere orain arte Zuzedaritza Batzordeko kideak izan direnak kargua uzteko borondatea azaldu dute eta, ondorioz, hautatze prozesu berri bat jarriko dute martxan. Orain arte Zuzendaritza Batzordean egon diren kideetatik, DRTko presidenteorde Jose Ignacio Azurmendi `Txusmen’ da jarraitzeko prest dagoen bakarra.

Horrela, azaroaren 4an DRTren Egoitzan (Goienkale 24), eta klubeko estatutuek agintzen duten moduan, hauteskunde prozesua burutuko da egunean bertan. Hautagaiak asanbladan aurkeztu ahalko dira eta orduan bazkideek Zuzendaritza Batzorde berria bozkatuko dute.

Ohiko eta ezohiko asanbladetako lehenengo deialdia 19:00etan izango da, eta bigarrena 19:30etan. Hasierako bi puntuak 2020-2021 denboraldiko ekonomia kontuak aurkeztea eta hala badagokio onartzea izango da eta bigarrena 2021-2022 denboraldiko aurrekontua. Jarraian ez ohiko asanblada hasiko da Zuzendaritza Batzorde berria aukeratzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!