"Durangarren hilea izango da urria", azaldu du Garazi Arrizabalaga Durangoko Arte eta Historia museoko zuzendariak. Ane Abanzabalegi zinegotziak artista durangarrek herrian bertan euren lanak aurkezteko dituzten aukerak nabarmendu dituzte. "Durangon bertan zenbat artista ditugun erakusten du honek", azaldu du aurkezpenean.
Berrojalbizen 'Hiru dokumentu akelarre batentzat' erakusketak gaur irekiko ditu ateak. Historialariak Akelarre. Historias nocturnas en los albores de la gran caza de brujas bere hirugarren liburua publikatu du, eta horren osagarri gisa, erakusketa muntatu dute museoan. Hamalaugarren, hamabosgarren eta hamaseigarren mendeetako dokumentu bana ikusi ahalko dira. Liburua urriaren 28an aurkeztuko dute museoan (Durangoko museoak eta Pamiela argitaletxeak elkarlanean publikatu dute), eta Berrojalbizek bisita gidatuak ere eskainiko ditu.
Bestalde, Amaia Lejarretak Gogoratzen erakusketa zapatuan inauguratuko du, Insömnia taldeagaz batera egingo duen ikuskizunean. Lejarretak bere "mundu intimo, organiko eta koloretsura" gonbidatuko du publikoa.