Durangoko Udalak Tabira kalea itxiko du hurrengo asteburu bietan, autoentzat

Anboto 2021ko urr. 7a, 09:36

Tabira Etxetik futbol zelaira doan bidea da itxiko dutena.

Neurri horrekin orain arte egondako arazo bati egin gura diote aurre. Izan ere, han inguruan autoak egon izan dira musikarekin zarata ateratzen. Oinezkoei begira, kalea zabalik egongo da.

Tabirako bizilagunek behin baino gehiagotan salatu izan dituzte auzo horretan egindako kale zurrutek eragindako kalteak. Ondorioz, udaleko ordezkariak Tabirako 20 bat bizilagunekin batu ziren. Batzar horietan jasotako ekarpenei jarraituz, joan zen asteburuan, proba pilotu moduan, Tabira kalerako sarbidea moztea erabaki zuten autoentzat, asteburuetan, gauez, —egoiliarrentzat izan ezik— eta datozen asteburu bietan errepikatu egingo dute. Hurrengo bariku eta zapatu bietan Tabirarako sarbidea, hau da, Tabira Etxea ondotik futbol zelaiara doan bidea, moztuta egongo da 20:00etatik 08:00etara.

Horrez gainera, itxita egongo den bide horretan, aparkatzea debekatuko da, bertara doazenek autoetatik musikarik ipini ez dezaten. Bestalde, bozgorailu eramangarrien aurka jardungo dute, eta horien jabeek "zigorra" jasoko dutela iragarri dute udaleko ohar batean. 

Iker Urkiza zinegotziak Tabirako auzotarren egindako batzarrak nabarmendu dituzte. "Eskerrak eman nahi dizkiegu bilerara joan ziren herritarrei erakutsi ziguten jarrera proaktiboagatik. Guk, gure aldetik, haien ekarpenak jaso ditugu eta horiek aplikatzen saiatuko gara", adierazi du.

Garbiketa zerbitzua eta udaltzaingoa

Udaletik adierazi dutenez, garbiketa zerbitzua eta Udaltzaingoa San Faustoetan egiten zen "berbera" izango da. Urriaren 9an, 10ean, 12an, 13an, 16an eta 17an kaleak garbitzera aterako dira 26 langile eta lau kamioi kale-garbitzaile.Gainera, arratsaldean hiru langile egongo dira garbiketa indartzeko. Zerbitzu horretarako, garbitzaileak udaltzainekin koordinatuko dira, alde zaharreko garbiketa babesteko eta laguntzeko, 06: 30etik aurrera.

Bestalde, datozen egunei begira, udaltzaingoaren zerbitzua ere indartuko dute, eta asteburuetan "langile kopuru bikoitza" izango du.

"Durango garbi eta seguru mantentzeko helburuarekin hartu ditugu neurri hauek, elkarbizitza eta errespetua lehenetsiz. Dena den, eta aspaldidanik errepikatzen ari garen bezala, herria garbi eta seguru edukitzeko modurik onena norberarengan hasten da, gazte edo nagusi izan. Horregatik, gure herritarrei gizalegez eta arduraz jokatzeko eskatzen diegu", azaldu dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!