Leire Urbeltz sortzaile iruindarraren 'Desipuindegiak' lanak iragarriko du 56. Durangoko Azoka

Anboto 2021ko urr. 6a, 11:29

"baDA!" lelopean egingo da Durangoko Azokaren 56. edizioa. Abenduaren 3tik 8ra izango da; 3tik 7ra online bidez, eta 4tik 8ra aurrez aurrekoa. 220 erakusmahai egongo dira. 

"Aurten Azokarik bada? Askok egin digute galdera. Bai noski, baDA! " hasi du hitzartzea Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak. Durangoko Azokaren edizio berria aurrez aurrekoa eta online bidezkoa izatearen garrantzia nabarmendu ditu, baita ere. "Badakigu askorentzat une zailak direla eta datozen hilabeteak erantzunik gabeko galderaz beteak daudela. Eta hala ere, Azokan egoteko ahalegina egitea erabaki dute. Eskerrik asko Durangoko Azokan sinesteagatik", azaldu du Mujikak hunkiturik. 

Urbeltz, "ilusioz"

Leire Urbeltzek irudia egiteko erronka "ilusio handiz, baina arduraz", hartu duela azpimarratu du, " Azokak duen garrantziagatik". 60.eko hamarkadako berrikuspena egin gura izan du irudian, eta Anbotoren magalean Kili eta Kuir pertsonaiak ageri dira, besteak beste. 

Guneetarako izen ematea

Bestalde, Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia guneak itzuliko direla nabarmendu du Mujikak. Horietan beraien lanak aurkeztu gura duten artistek urriaren 8tik aurrera eman ahalko dute izena. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!