Momentu honetan, Kriskitin dantza taldeak ume eta gazteen lau talde ditu. Eta nagusien taldeaz gainera, dantza eskola ere badute. Ikasturteari ikuskizun bategaz ekitea da helburua. "Urtebete baino gehiago daramagu kalean dantzan egin barik. Ea indarra hartzen dugun. Urte hasiera oso gogorra izan da Abelen heriotzagaz", azaldu du Nagore Lozano dantzariak. Kriskitinek jaialdia baliatuko du Abel Iriondo dantzaria gogoan izateko. Elgoibarren sorturikoa izan arren, Iriondo Durangon bizi izan zen urte askoan eta Durangoko dantza munduari estu loturiko kidea izan zen. Urte askoan Kriskitin dantza taldean aritu zen eta Aiko erromeria taldean ibili zen.
Harrobiko gazteak
8tik 16 urtera arteko ume eta gazteak ere badabiltza dantzan Kriskitinen. Landako Gunekoa plazara irteten duten lehenengo aldia izango da hasiberrientzat. "Entseguekin nahikoa berandu hasi ginen, maiatzean edo horrela. Lokala, protokoloak... dena prestatu beharra zegoen", dio Lozanok.
Gaur umeen entseguak hasiko dira. "Gogorra izan da hile hauetan taldekideok dantzarako ezin elkartzea. Beldur ginen etenaldiaren ondoren jendeak taldea utziko ez ote zuen. Urte arraro honetan, denbora librea beste modu baten pasatu dugu", dio Kriskitineko kideak.
Dantza eskola
Adin batetik aurrera dantzan egiten ikasi gura dutenek ateak zabalik dituzte Kriskitineko dantza eskolan. Dantzarako gogoa baino ez da eskatzen parte hartzeko. "Gehienak emakumeak dira, 50 urte bueltakoak. Euretariko batzuk orain arte ez dira ausartu plazan dantza egitera. Hiru talde ditugu. 50 bat lagun batzen dira merkatu plazan dantzan ikasteko. Euretariko asko dantzarien gurasoak dira, gehienak amak. Asko disfrutatzen dute. Kirola eta dantza uztartzeko aukera izaten dute. Asko gozatzen dugu eurei irakasten", dio Lozanok. Lantzeko dantzak, zazpi jausi, polka.... Dantza egitean ondo pasatzea da dantza eskolaren helburu nagusia.
Landako Guneko jaialdirako prestaketekin hasi dira Kriskitinen. Talde bakoitzak dantza bat edo bi egitea da asmoa. Ordu eta erdi inguruko ekitaldia izango da.