Durangoko gobernu taldeak bilera sorta bat hasi du herriko enpresa handienekin. Eguzkitzako industrialdea zelan birpartzelatu eta garatu daitekeen azaldu die enpresei, horrek "enplegua sortzeko eta indartzeko" aukera bat eskaini eta "lanpostu berrietan eragina" izan dezakeelakoan. Alde horretatik, udalak "onuragarri" deritzo Urki-Hegoalde saihesbidea amaitzeari. Gobernu taldeko kideek hainbat aldiz defendatu dute osoko bilkuretan, saihesbidea garatzeak enpresak erakartzen eta hazten lagundu dezakeela.
Aurreikuspenak
Bilera sorta honek izan duen beste helburuetako bat "tokiko enpresek datozen hilabeteetarako aurreikusi dituzten lan eta ekonomia aukerak bertatik bertara" ezagutzea izan da, udalaren berbetan. Etorkizunean ere bide horri jarraitu gura diote, etortzekoa den susperraldi ekonomikoari begira. Durangoko Udalak hainbat eragilerekin egindako Berraktibazio Planaren baitan gauzatzen ari diren neurriak ipini gura ditu mahai gainean. Enpresei zein eragileei entzutea "funtsezkoa" deritzo, kontuak nola dauden jakiteko eta haien kezkak ulertzeko.