Zelan dago taldea?
Taldea animatuta dago. Gure kontzertua Kultur Aroren egitarauaren barruan izango da eta Durangoko Orfeoikoak oso gogotsu gaude urriaren 10eko kontzertu horretarako. Durangoko Udalak kontzertua ematea proposatu zigun eta baietz esan genion. Pandemia hasi zenetik udala guri laguntzeko prest egon da, eta oso eskertuta gaude.
Berezia da zuentzat Durangon kontzertua ematea?
Behin, norbaitek esan zidan Durangoko Orfeoia Durangoko ondarea zela, eta esaldi hori neuretzat hartu nuen. Gu Durangoko ondare gara. Orfeoiak ia 140 urte ditu, eta, guk dakigula, Estatuko bigarren kororik zaharrena gara.
Guretzat beti da berezi kontzertu bat ematea, eta Durangon bada, oraindino eta bereziagoa izaten da. Gure kontzertuak entzutera etortzen direnak oso orfeoizaleak dira.
Maiatzean elkarretaratzeak egin zenituzten, zuen jarduerak berriro berreskuratzen uzteko eskatzeko.
Maiatzean kalera irtetea erabaki genuen. Pandemia dela-eta, arlo guztietan apurka-apurka dena "normaltasunera" bueltatzen hasi zen. Baina guk entseatu ezinik jarraitzen genuen. Orduan, Euskal Herriko konfederaziotik zerbait egitea proposatu zuten, kultura segurua zela aldarrikatzeko. Hasieran, Bizkaiko koro guztiak Bilbon elkartzea zen asmoa, baina pandemiaren ondorioz eskualdeka batzea proposatu ziguten eta guk Durangon egin genuen mobilizazioa, Ezkurdin.
Mobilizazio horren ondoren, kontua zertxobait hobetu zen, baina gero, bosgarren olatuagaz batera, berriro beste neurri batzuk ipini zizkiguten. Eta hainbat hilabete pasatu ditugu horrela.
Zelan zaudete orain? Zelan konpontzen zarete entseguak egiteko?
Hasieran, arazotxo batzuk izan genituen gure entsegu lokalean. Lokaleko leihoak ezin ziren zabaldu; beraz, ezinezkoa zen lokala aireztatzea. Gainera, lokala aireztatzeko sistema ez zebilen oso ondo, eta hori konpontzea ezinbestekoa zen.
Konponketa horiek guztiak egin zituzten, eta dagoeneko hasi gara entsegu lokalera etortzen. Hala ere, lokalean aforo mugatua dago, eta ezin dugu denok batera bertan entseatu. Martitzenetan talde txikitan batzen gara. Alde batetik, tenoreak batzen dira; bestetik, baxuak, eta beste gela batean sopranoak. Kontraltoak ere aparte batzen gara. Hala ere, kontzertu bat ematerako orduan ezinbestekoa izaten da denok batera entseatzea, Beraz, eguenetan denok batzen gara, zuzendariagaz batera. Entsegu horiek San Agustin Kulturgunean egiten ditugu. Hori guzti hori Durangoko Udalari esker da.
Zelan eraman duzue pandemia?
Mundu guztiaren moduan. Hasieran ez genuen sinesten. Gero, ardura handia izan genuen, eta, azkenerako, kontua mugitzen hastea gura genuen, normaltasun batera bueltatzen hastea. Guretzat unerik txarrenak kontzertuak antolatzerakoan izan dira. Hainbat eztabaida izan dugu gure artean, kontzertuak egin, ez egin. Gero, gainera, kontzertuak antolatu eta azken orduko neurriengaitik bertan behera ere utzi behar izan ditugu. Dena errusiar mendi baten modukoa izan da, zoratzeko modukoa.
Bederatzi urtean Durangoko Orfeoiko presidente izan eta gero, kargua utziko duzu. Zer suposatzen du zuretzat?
Niretzat ohorea izan da Durangoko Orfeoiko presidentea izatea, talde hau ordezkatzea eta juntakideekin batera bederatzi urte hauetan lanean aritzea. Hasieran, kargua lau urterako hartzea izan zen asmoa, eta gero beste bati erreleboa ematea. Baina junta aldatu eta presidentzia hartu genuenean, estatutuak aldatzen hasi ginen. Ikusi genuen orfeoia Madrilen erregistratuta zegoela, eta Euskal Herrira ekartzea erabaki genuen.
Prozesua oso luzea izan zen. Gainera, jendea ez zen animatzen juntan sartzera, eta, beraz, presidentzia kargua beste lau urtez luzatzea erabaki genuen. Horren ondoren, pandemia etorri zen, ezin izan genuen batzarrik egin eta, azkenean, bederatzi urte egin ditut kargu honetan.
Azkenik, datorren astean egingo dugun batzarrean itxiko dut zirkulu polit hau. Nigaz batera diruzainak eta batzordekide batek ere utziko dute kargua.
Zer esango zenieke postu horietan sartuko direnei?
Lan dezente egin behar den arren, niretzat plazera izan dela Durangoko Orfeoiko presidentea izatea. Aitortu behar dut alde batetik pena ematen didala kargua uzteak, baina, nire ustez, denok pasatu beharko ginateke postu horietatik. Dena dela, ez diot inori beldurrik sartu gura, baina ezta karguari meriturik kendu gura ere. Lan egin behar da, baina lan polita da. Bestalde, esan beharra daukat zenbait juntagaz lan egitea egokitu zaidala eta oso jende ona topatu dudala. Lan egiteko talde bikainak izan ditut eta oso eskertuta nago, bidea asko erraztu didate eta. Gainera, seguru nago etorriko direnak ere oso langileak izango direla.
Beste ezer gehitu gura zenuke?
Bai. Durangoko Orfeoira batzeko deia egingo nioke jendeari. Abesteak asko laguntzen du, osasunerako ona da eta, gainera, oso ondo pasatzen dugu. Familia bat gara, eta, beraz, horixe, herritarrei Durangoko Orfeoira batzeko deia egingo nieke.
Egia esan, apurka-apurka jende berria batzen dabil eta hori pozgarria da guretzat. Baina oraindino ezin dugu esan belaunaldi aldaketa bat gertatzen dabilenik Durangoko Orfeoian.