“Hau ez zen posible izango Sorginolak musika lokal bat atondu izan ez balu"

Aritz Maldonado 2021ko urr. 2a, 10:00

Animaliek talde durangarraren 'G-172' lan laburra entzungai dago musika plataforma digitaletan; lau kantak osatzen dute. Haritzek, Gorkik, Agerrek, Peiok, Andonik eta Corralek osatzen dute taldea.

Nortzuk zarete Animaliek? Noiztik zaudete martxan?
Musikaz disfrutatzeko asmoz elkartutako lagun talde bat da Animaliek. 2019ko 40 Minutu Rock jaialdian sortu zen, 2020ko ekainaren 1era arte entseatzeko aukerarik eduki ez genuen arren, pandemiaren erruz. Gure artean kantak jo eta hauetaz disfrutatzeko asmoagaz sortu zen taldea, baina apurka gure kantak sortzen ausartu gara eta orain bide horretatik segitzeko asmoa dugu.

Lehenengo maketa hau Sorginolan grabatu duzue. Nogaz? Zelako esperientzia izan da?
Maketa horren sorrera nahiko bapatekoa izan zen. Entsegu baten amaieran, Parkatu taldeko kideek [Durangoko beste talde bat] euren hurrengo entsegua grabatzeko asmoa zutela esan ziguten; aukera baliatu genuen gure kantak ere grabatzeko. Nahiko grabazio erosoa eta arina izan zen; azken finean, lagun artean mila bider errepikatutako kantak jotzen aritu ginen. Hasieran, grabazioa guretzat gordetzea pentsatu genuen. Guztiz ondo ez entzuteaz gainera, hainbat akats dagoela onartu beharra dago. Baina gero pentsatu genuen aukera ona zela plataforma musikalak estrenatzeko, eta baita gure kontzertuetara zetozenek gu ezagutzeko ere. Nori ez zaio gustatzen kotxean joan eta bere kantak entzuteko aukera edukitzea?

Zelan definituko zenukete zuen musika?
Gure musika definitzeko modurik onena horixe da: 'gure musika'. Azken finean, gu ez gara profesionalak, eta ez goaz musika estilo edo soinu mota konkretu baten bila; momentuan irteten zaiguna jotzen dugu, eta horren arabera ateratzen dira kantak. Izan ere, hasieran kanta askotarako estilo bat pentsatuta dugun arren, guztiz desberdinak izaten amaitu dute, gure animoaren arabera.

Pandemia egoeran kontzertu batzuk eskaintzeko aukera izan duzue. Zelan joan dira?
Oso ondo hasi ginen, baina ezin okerrago amaitu genuen. Jo ditugun kontzertuak oso ondo irten dira; azken finean, oholtzara igotzean asko harrotzen garen taldea gara, eta horrek eragina du publikoaren jarreran. Baina oso kontzertu gutxi jotzeko aukera izan dugu. Uda arraro honetan zehar, bost kontzertu eduki ditugu planteatuta, eta horietatik bakarra jo ahal izan dugu, azken momentuan udalak atzera bota duelako gazteek antolaturiko programa, edo antolatu dutenei eskaini zaizkien baliabideak oso murritzak izan direlako. Beste kontzertu bi lotu ditugu, eta baikor gaude. Ea oraingoan behintzat jotzeko eta dena emateko aukera dugun.

Zerbait gehitu gura duzue?
Esan beharra dugu hau guzti hau ez zela posible izango Durangoko Sorginola gaztetxeak musika lokal bat atondu izan ez balu, Durangon, gutaz gainera, beste musika talde berri asko sortzea ahalbidetu duelako. Horrela, Durangoko panorama musikala berpiztu du. Bestalde, ikasturte honetan ezingo dugu kontzertu askorik eman, taldekide bi kanpora doazelako, baina ez dugu geldirik geratzeko asmorik. Denbora horretan, prest ditugun kanta berriekin ondo grabaturiko disko bat ateratzeko aprobetxatuko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!