Errotarik XXII. Mikologia Azoka antolatu du domekarako Landakon

Jone Guenetxea 2021ko urr. 1a, 13:30

Iazko etenaren ondoren, Errotari talde mikologikoak XXII. Mikologia Azoka antolatu du domekarako, urriak 3, Landako Gunean. Onddo eta perretxikoak erakusgai ipintzeko, baina, aurretik bilketa egin beharra dago. Elkarteko kideak zapatuan joango dira basora, bilketa egitera.

 "Aurten ezin gara denok batera joan. Bakoitza bere aldetik joango da", azaldu du Joseba Ortiz de Zarate Errotariko kideak. Izan ere, bizi dugun egoera dela-eta, taldean beharrean nor bere aldetik joango da. Hori bai, eguerdian, 13:00etan, hitzordua ipini dute Landako Gunean. Baturiko guztia bertan jasoko dute. Hortxe hasiko da hurrengo fasea, sailkatzearena. Elkarteko adituek jasoriko perretxikoak motaren arabera sailkatzen dituzte eta erakusmahaietan ipintzen dituzte.

Aurreko urteetan, Errotarikoek erakusketarako ipinitako tabernan perretxikoekin osaturiko pintxoak egiten zituzten. Aurten, hori ere ez da posible izango.

Erakusketako postuak
Sailkapena egiteko lana uste baino handiagoa izaten da. Esteban Ruiz Errotariko presidenteak dioenez, batzuetan 22:00-23:00 ingurura arte egoten dira lan hori egiten. Erakusketak mikologiaren inguruan ikasteko balio du. "Ezagutzen dituzun perretxikoak zeintzuk diren jakin eta berriak ezagutzeko aukera izaten da", dio Ruizek. Deneriko perretxiko eta onddoak izaten  dituzte. "Garrantzitsua da toxikoak zeintzuk diren jakitea. Horregaitik, denerikoak ipintzen ditugu", argitu du. Edozelan ere, mendian edo basoan perretxiko ezagunak baino ez batzeko gomendioa egiten dute Errotari elkartekoek.

Zaletasun handia
Mikologiak geroago eta zale gehiago ditu. Sasoia heltzen denean, baso eta mendietan geroago eta jende gehiago ikusten da perretxikotan. "Lehen baino jende gehiago ikusten da, eta ez COVIDaren osteko sasoia delako. Aurretik ere zaletasuna hazten zebilen", dio Errotariko presidenteak.

Perretxiko sasoia gura baino sikuago hasi dela nabarmendu dute elkarteko kideek. "Uztailean euri gutxi egin zuen.  Hego-haizeak ere ez du lagundu, lurraren goiko aldea sikatzen du eta. Ea euri apur bategaz gehiagok irtetzen duen", azaldu du Ruizek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!