Gaur gaurkoz hezur muina emateko hiru puntu daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina Durangoko Udalak herrian horretarako gune propio bat, laugarren puntua, ipintzea eskatu du. Kontua atzoko osoko bilkuratik dator. Atzo, Durangon egindako udalbatzan, eskari bat erregistratu zuen Mauri Imaz herritarrak. Osasun Sailari herrian hezur muina emateko gune bat ipini dezan eskatu zion. Zinegotzi guztiak bat etorri ziren eskariarekin, eta mozioak aurrera egin zuen aho batez. Horrenbestez, Durangoko Udalak mezu bat igorriko dio Osasun Sailari, azken honek Mauri Imazen eskaria aintzat har dezan. Udalbatzan komentatutakoaren arabera, anbulatorio zaharra litzateke gune hori instalatzeko leku aproposa.
Mauri Imazek gazteak animatu zituen hezur muina ematera. Izan ere, hezur muina emanda nabarmen egin dezake hobera leuzemia dutenen edota odolari lotutako gaixoen bizimoduak. Bestalde, Imazek egun gutxi barru amaituko du Urkiola urteko 365 egunetan igotzeko 'Turkiolo' erronka.