Horren aurrean, Herriaren Eskubideak, EH Bilduk eta PSE-EEk mozio bat adostu eta onartu dute asteon. Batetik, Aldundiari eskatu diote Durango eta Gernika lotuko dituen “zuzeneko garraiobide” bat ipintzeko. Eta, bestetik, Osakidetzari eskatu diote Durangon ospitale bat eraikitzeko. PSE-EEko Jesica Ruizek onartu du horrelako zerbait ez dela “goizetik gauera” egiten, baina gutxienez, ospitalea egiteko aukera aztertu dezan eskatu dio Osasun Sailari. EAJk ez du eskaria babestu. Abstenitu egin da. Josune Escota zinegotziak argudiatu du mozioaren edukiak ez duela "osasun zerbitzua erdigunean" ipintzen, eta pandemiak baldintzatutako "unean uneko" egoeratzat jo ditu Galdakaoko ospitaletik Gernikakora egindako desbideraketak. Arazoa konpontzeko gakoa "itxarote zerrenda" murriztea dela iritzi dio EAJk. EH Bilduko Juanan Buenok bere egin ditu mozioko eskariak. Horrez gainera, lehen arreta indartzeko lanetan jarraitzea eskatu du. "Ezin dira murrizketak egin eta beste aldera begiratu. Horrek langileengan eta pazienteongan du eragina".