DRTn Rugby Taberna bihartik aurrera martxan egongo da

Anboto 2021ko ira. 29a, 14:26
Jon Zuazubiskar eta Jose Ignacio Azurmendi 'Txusmen' Rugby tabernan.

Arduradun eta norabide berriaren atzean Jon Zuazubiskar sukaldari durangarra eta Xabier Sánchez komunikatzaile eta dibulgatzaile gastronomiko sestaotarra egongo dira.

Durango Rugby Taldeak ezagutzera eman duenez, bihartik aurrera Rugby Taberna berriz ere zabalik egongo da. 19:00etatik aurrera Goienkalek azkenengo hiru hamarkadetan izan duen taberna enblematiko bat berreskuratuko du. “Ostalaritzak bizi izan duen eta bizi duen egoera kritikoa eta kezkagarria da, pandemiak zailtasunez bete gaitu, baina proiektu itxaronpentsu baten aurrean gaude, ilusioz beterik”, adierazi dute Klubetik.

Izan ere, pasaden abuztutik Rugby Tabernak bere ateak itxita izan ditu eta orain arte arduradunik gabe egon da. “Hemendik gure eskerrik beroena eman behar diogu aurreko tabernaren kudeaketaren arduradunari, Emi Mendezi, egindako lanarengatik”, adierazi nahi izan dute eta era berean arduradun berriei ongietorria eman diete. “Ideia berriekin datoz taberna dinamizatzeko eta espero dugu berriz ere Rugby Taberna orain arte guztiontzat izan den elkargunea eta topagunea izatea”.

Norabide berri honen atzean, Jon Zuazubiskar sukaldari durangarra eta Xabier Sánchez komunikatzaile eta dibulgatzaile gastronomiko sestaotarra egongo dira. Aurrean, Rugby Taberna Goienkaleko erreferentzia-puntu gisa kokatzeko erronka izango dute. Horretarako tabernak bere eskaintza berritua ikusiko du, Ingalaterrako eta Irlandako puben errazioak imitatzea helburu duen gastronomiarekin. “Pub horiek ostalaritzarekin hain lotuta dagoen kirol baten jarraitzaileak hartzen dituzte eta guk hori egitea nahi dugu, tokiko produktuaren aldeko apustua indartuz, La Salve garagardoaz eta eskaintza gastronomikoa Saltsanekin batera landuz”, azaldu dute arduradun berriek.

Era berean, ez dira faltako karaokea, zuzeneko musika, bakarrizketak, dastatzeak eta beste hainbat ekitaldi aisialdi durangarra dinamizatzen jarraitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!