Durangoko Udalak ikerketa bat hasi du udalerriko bilakaera demografikoa eta etxebizitzen erabilera maila zein den jakiteko. Azterketa horregaz "tresna egoki bat" sortuko dute, "etxebizitza politika egoki bat diseinatzeko". Udalak jakinarazitako datuen arabera, Durangok 28.261 biztanle zituen 2010ean, eta kopuru hori %6,6 igo da hamar urtean, 30.118 biztanlera ailegatzeraino. Baina etxebizitza parkea ez da erritmo berean igo. Etxebizitza kopurua %1,6 igo da denbora tarte horretan, 2010ean 13.044 etxebizitza izatetik, 2019an 13.248 etxebizitza izateraino. Hori dela eta, biztanleriaren eta bizikidetza-unitateen gaur egungo ezaugarriak aztertuko dituzte, horrekin etorkizun hurbileko egoeraren aurreikuspena egiteko.
Azterlanak honako ezaugarri hauek hartuko ditu kontuan:
- Durangon espero den bilakaera demografikoa.
- Gaur egungo etxebizitza parkeak duen erabilera maila, eta espero den bilakaera. Puntu honetan "bereziki" hartuko dute kontuan zenbat etxe geratuko diren hutsik, zeintzuk diren etxe horiek eta non dauden.
- Etorkizuneko etxebizitza beharrizanak detektatzea eta kuantifikatzea.
- Etxebizitza bakoitzaren erabilera maila, bizikidetza-unitate bakoitza zehaztuta.
- Etxebizitza bakoitzaren informazioa katalogatzea: azalera, antzinatasuna, Higiezinen Gaineko Zergari dagokion errekargua, Eraikinen Ikuskapen Teknikoa, igogailurik baduten ala ez.