Durangoko merkatuan saltokia duten dendariei urrian amaituko zaie salerosketarako baimena eta udal gobernu taldeak lizitazio plegu berriak prestatzeari ekin dio. Testuinguru hori kontuan hartuta, EAJk bere iritzia kaleratu du. Dioenez, "atsekabetuta" dago merkatu plazak bizi duen "dinamizazio faltagatik", eta gobernu taldeari egotzi dio "lidergo faltarekin" aritzea. Talde jeltzaleak jakinarazi du honako proposamen hauek egin dituela udalak lizitazio berria kaleratzeko pleguak aurkeztu eta gero:
- EAJk dio merkatuko eremu amankomunen gastua kontsezioa jasotzen duten dendarien artean ordaindu beharko dela, "esleitutako saltokien kopurua edozein izanda ere". Hori dela eta, libre gelditzen diren lanpostuei dagokien diru zatia udalak beregain hartzeko eskatu du.
- Jeltzaleek diote gobernu taldeak prestatutako plegu berrian "elikadura postuak bakarrik" sar daitezkeela. Horrren aurrean, "jarduera ez mugatzea" proposatu du, beste hainbat jardueratarako atea zabalduta.
- Proposatu duten beste kontu bat da baserritarren produktuak etengabe saltzeko postu bat edo bi prestatzea.
- "Herritarren kontsumo ohiturak" aldatzen ari direla eta EAJk dio "garrantzitsua" dela hornidura merkatuko postuen ordutegiak egokitzea, "irekitzeko eta ixteko ordutegiak malgutzeko".
- Jarraipen batzorde bat sortu dadin ere proposatu du.