'Durango Sor(tzaileen) leku' bekek 39 proposamen jaso dituzte

Anboto 2021ko ira. 24a, 11:07

Beketara 95.000 euro bideratuko dituzte. 39 proiektuetatik 18k jasoko dute beka. 

Durangoko Udalak 39 proiektu proposamen jaso ditu, 'Durango Sor(tzaileen) leku' beken bidez diruz laguntzeko. Beka horiek herriko kultura-sortzaileei laguntzeko aurkeztu dira. "Beste sektrore batzuetan egin dugun bezala, saltoki txikietan eta ostalaritzan, esaterako, Durangoko kultur sortzaileen aldeko apustu sendoa egin nahi izan dugu. Duela urtebete espainiar estatuko zenbait programatzaileek 'Uda Kulturaz Blai'ren aldeko apustua erreferentziatzat jarri zuten. Gainera, azken hilabeteetan tokiko sorkuntza ikusarazteko saiakera egiten ari gara, urte osoan antolatzen ditugun kultur zikloetarako tokiko konpainiak edo elkarteak kontratatuz", azaldu dute Julian Rios alkateordeak eta Ane Abanzabalegi zinegotziak. 

Bestalde, Durangoko Udalak Gerediagarekin batera Durangoko Azokan ematen duen 'Sormen Bekarako' 15.000 euro bideratuko dituela jakitera eman dute. 

Hiru hilabeteko epea
Orain epaimahaiak hiru hilabeteko epean erabaki beharko du zein 18 proiektuk jasoko duten Durangoko Udalaren finantziazioa. Epaimahaiak modu anonimoan jasoko ditu kultur proiektuak, egiletza aipatu gabe. Riosen eta Abanzabalegiren arabera, "kultur ekoizpena eta sormena lehenetsi eta bultzatu nahi izan ditu deialdi honek. Horregatik, beste beka edo lehiaketa batzuetan ez bezala, ez da kontuan hartzen sortzaileen profila. Uste dugu tokiko talentua bere alderdi guztietan plazaratzeko modurik onena dela".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!