Tabirako klubak herritarrengana gerturatuz hasiko du denboraldia

Joseba Derteano 2021ko ira. 24a, 10:00

Tabirako saskibaloi klubetik, herritarrengana gerturatuz hasi gura dute denboraldia. Horretarako, zapatuan eta domekan, goizean zein arratsaldean, hainbat karpa jarriko dute Andra Mariko elizpean eta hainbat ekintza burutuko dute.

Herritarrek kluba hobeto ezagutzea da ekimenaren helburuetariko bat, azken hileetan aldaketak izan dira eta. Klubak zuzendaritza berria du, esaterako. Horrela, zuzendaritzako arduradunak eta taldeetako entrenatzaileak han egongo dira egunean zehar, eta gura dutenek eurak ezagutzeko aukera izango dute.

Cafés Baque enpresako kideak ere bertaratuko dira. Izan ere, aurtengo denboraldian 50 urte betetzen dira kafe-enpresaren eta Tabirakoren arteko lankidetza hasi zenetik. Ildo horretatik, efemeride horri loturiko logotipo berria aurkeztuko dute.

Ekintza ludikoak ere izango dira; esaterako, saski batzuk ipiniko dituzte, jaurtiketak probatu gura dituenarentzat.

Gaur, taldeen aurkezpena

Bestalde, gaur, 17:00etan, Tabirako klubeko talde guztien aurkezpena egingo dute merkatu plazan. Toki hori aukeratu dute hainbat sarrera-irteera duelako. Publikorik bako ekimena izango da eta, besteak beste, 50. urteurreneko kamiseta berriak aurkeztuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!