"Abesti guztiak berdinak direnean diskoek esentzia galtzen dute"

Aritz Maldonado 2021ko ira. 26a, 10:25

Insömnia talde durangarrak 'Lo eza' diskoa kaleratu du oraintsu. Amaiur Azkaratek eta Oier Palomok ipini zuten martxan proiektua. Ondoren, Olga Costa pianista eta Oier de Pedro bateria-jotzailea batu ziren, eta guztien artean grabatu dute euren lehenengo diskoa izan dena, TAOM estudioan. Askotariko abestiak batu dituzte lehenengo lan honetan, eta orain, entsegu lokal berrian elkarregaz entseatzen hasi direla baliatuta, euren soinu propioaren bila jarraituko dute.

Taldearen lehenengo pausoak pandemia betean izan zirela entzun dut.
Amaiur Azkarate: Nik betidanik abestu izan dut. Konposatu ere bai, baina inoiz ere ez naiz ausartu nire abesti horiek kaleratzera. COVIDaren eraginez, hile bi eta erdian logelatik irten barik egon behar izan nuen; abestiak sortzeari ekin nion, itxialdia eramangarriago egiteko. Gero, mezu bat ipini nuen sare sozialetan, gitarrista bila nenbilela esateko. Oierrek erantzun zuen.
O.P.: Nik ere etxean egon behar izan nuen hilabetez. Sare sozialetan mezua ikusi, eta elkar ikusteko esan nion Amaiurri. Gero, Olga eta Oier batu ziren taldera. Nire lehengusina da Olga, eta laguna Oier.
A.A.: Nik abesti pila egin dut etxean, baina talde bat osatzea gura nuen. Ez nuen bakarkako proiektu bat sortu gura.
O.P.: Hori abenduan izan zen. Apurka-apurka, baina lan asko egin dugu, eta oraindino ere gauza asko dugu buruan, eta gogotsu gaude horiek egiteko.

Zelan konpondu zarete lanerako orduan?
O.P.: Berez, Amaiurrek abesti guztietako ahotsak eta gitarrak prest zituen. Nik zirriborro horiek hartu eta zer moldatu zitekeen ikusten nuen. Taldekide bakoitzak bere proposamenak egin ditu gero.
A.A.: Asko kostatzen zaigu elkartzea, bakoitzak bere ordutegia du eta. COVID garai honetan, are okerragoa da. Baina elkartzea lortzen dugunean, oso gustura egoten gara lanean.
Olga Costa: Orain arte ez dugu entsegu lokalik eduki, eta ahal izan dugun moduan lan egin dugu. Baina orain badugu lokala. Orain artean behintzat, oso ondo konpondu gara.

Ibilbide laburrean diskoa grabatzea  lortu duzue, eta elkarregaz soinu polita ateratzea.
O.P.: Esango nuke horrek egiten duela diskoa berezi. Ni ekoizlea naiz ogibidez, denerik entzuten dut lanean, hainbat estilogaz lan egin behar dudalako. Gurera ekarrita, gure abestiek horrelako soinua izatea hobea dela uste dugu.
A.A.: Abesti guztiak berdinak direnean diskoek esentzia galtzen dutela uste dugu. Gure diskoan, abesti guztiek dute bere zera hori; batzuk rockeroagoak dira, eta beste batzuk dantzagarriagoak. Doinuak lotuta doaz abestien berbekin. Aurreiritziei buruzko hitz batzuk ditugu abesti batean, eta baita bestelako errealitateei buruzkoak ere. Gustatzen zaigu eskemak apurtzea.

Non grabatu duzue diskoa?
O.P.: Gaur egungo baliabideekin errazagoa da. Sintetizadoreak eta programazioa nire etxean egin ditugu. Ahotsak, gitarrak, teklatuak eta bateria, ostera, TAOM estudioan grabatu ditugu; han lan egiten dut nik, Jagoba Ormaetxeagaz batera.

Kontzertuak emateko gogotsu?
A.A.: Onartu beharra dut bertigo handia ematen didala. Azken finean, nire barne mundua zabaltzen nabil kanta hauen bitartez, eta ez da erraza niretzat. Baina, aldi berean, oso emozionatuta nago. Hainbatek idatzi didate, gure kantekin identifikatuta sentitu direla esateko.
O.P.: Urriaren 9an kontzertua eskainiko dugu Durangon, Arte eta Historia Museoan, Amaia Lejarreta margolari durangarragaz batera.

Zeintzuk dira hurrengo pausoak?
O.P.: Gauzak prestatzen gabiltza. Epe laburrean lan txiki bat ateratzeko asmoa dugu, baina oraindino ez dakigu noiz.
O.C.: Durangoko Azokan erakusmahaia ipiniko dugu, autoekoizpenen txokoan.

Bestela, non erosi daiteke diskoa?
O.P.: Oraingoz, gugaz hartu-emanetan ipinita erosi daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!