“Kazetaritza oso lanbide gogorra da, baina gogorra bezain erakargarria”

Aitziber Basauri 2021ko ira. 25a, 10:20

Ane Ibarzabal (Durango, 1982) CNN+, Cuatro, T5 eta TVE telebista kanaletan ibilitakoa da, 16 urtean. Albistegietako formatu zurruna alboratu eta erronka berri bati heldu dio. Arratsaldero ordu biko magazina aurkezten du EITBn. Durangarrak ilusioz ekin dio erronka berriari. 

Madrilen 16 urte egin ondoren, zelakoa izan da Durangora bueltatzea?
Ederra! 22 urtegaz joan nintzen eta 38gaz bueltatu naiz. Hiru aste daramatzat Durangon eta oraindino egokitzen nabil. Pozik eta lasai nago, azken batean etxera bueltatu naiz eta.

Urte hauetan guztietan, albistegietan lan egin duzu, batez ere. Formatuz aldatu duzu, oraingoan magazin bat gidatuta.
Arlo informatzaileagoan, gai politikoagoetan lan egin dut, bai. Orain, istorioak kontatzen ditugu eta ikusleak dira protagonista. Askoz ere formatu zurrunagoan ibili naiz eta ohitu egin behar dut. Alde horretatik, erronka bat da niretzat. Ez zegoen nire egitasmoen barruan Durangora bueltatzea, baina A la Calle saiorako eskaintza heldu zitzaidan. Ilusio handia eragin zidan: ordu biko saioa zuzenean, arratsaldez, istorioak kontatzeko, jendeagaz hartu-emanean, inprobisatzeko aukeragaz... Durangora bueltatu eta ikasten jarraitzeko aukera iruditu zitzaidan, profesionalki aurrera egiteko, hazten jarraitzeko aukera. Eskaintza egitean, honako galdera egin zidaten: 'bueltatu gura duzu etxera?'. Bada, horrelako gauzak zerbaitegaitik gertatzen direla pentsatu nuen, hura zela momentua.

Kaleko erreportariek pisu handia dute 'A la Calle' saioan. Egokitu izan zaizu askotan gutxietsia den lan hori egitea?
Bai, denbora asko egin dut kalean, eta kalea da gehien gustatzen zaidana. Istorioekin hartu-emanean zaudelako, bestela inoiz sartuko ez zinatekeen etxeetan sartzen zarelako, inoiz ezagutuko ez zenituzkeen tokiak ezagutzen dituzulako. Kazetaritza oso lanbide gogorra da, baina gogorra bezain erakargarria. Kalean zaudenean, batez ere.

Bokazioz zara kazetari.
Bai, umetatik gura izan dut kazetaria izan. Egon dira momentu gogorrak, egon badaudelako, baina izugarri gustatzen zait lanbide hau eta ezergaitik ere ez nuke aldatuko.  Istorioak kontatzea gustatzen zait, munduan gertatzen dena azaltzea, jendea, istorioak ezagutzea... Batez ere, giza-istorioak ditut gogoko, eta lanbide honek asko du horretaz.

Nori egingo zenioke elkarrizketa?
Asko dira, mometuaren araberakoa da. Orain, Espainiak Kabulen (Afganistan) izan duen enbaxadorea elkarrizketatuko nuke. Ahalik eta herritarrik gehien ebakuatu arte han egon zenari galdetuko nioke, adibidez, zelakoak izan ziren egun haiek Kabuleko aireportuan. Íngrid Betancourt ere asko erakarri nauen pertsona izan da. Gertatzen ari denari buruz esateko zerbait duten horiek erakartzen naute, batez ere.

Madriletik Durangora, aldaketa handia da hori.
Gelditu barik nabil eta ez dut horretan pentsatzeko astirik izan. Egia da aldaketa handia dela. Asko gustatzen zait Madril, han etxea dut oraindino; eta gaur egun Madril eta Durango artean bizi naiz. Dena dela, egunean bizi naiz, ez dakigu-eta zer gertatuko den hemendik lau hilera. Bizitzak, eta lanbide honek, buelta asko ematen ditu. Bada, egunerokoa disfrutatzen dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!