Durangoko anbulatorio zaharra hezur-muinak emateko erregistro-gune bihur dadila eskatuko du Durangoko Udalak

Anboto 2021ko ira. 23a, 11:04

Ima Garrastatxu Durangoko alkatea eta Julian Rios alkateordea Mauri Imaz Bengoa 'Turkiolo'-gaz bildu dira. Durangarrak ia urtebete darama Urkiola egunero bizikletan igotzen, 'Tourkiola365' proiektuaren barruan, herritarrak hezur-muina ematearen garrantziaz sentsibilizatzeko.

Prentsa oharrean azaldu dutenez, bilera horretan Garrastatxuk eta Riosek adierazi diote gobernu taldeak eskaera horren alde egiten duela eta Durangoko anbulatorio zaharra hezur-muinak emateko erregistro-gune bihurtzea eskatuko diola Osakidetzari, odolagaz eta plasmagaz egiten den moduan. Eskaera onartuz gero, Durango arlo horretako Bizkaiko laugarren erregistro puntua izango litzateke.

Datorren urriaren 11n, 'Tourkiolo'-k 365 egun jarraian beteko ditu Urkiola bizikletan igotzen. "Harro egoteko modukoa da hezur-muinaren dohaintza sustatzeko proiektu nobleetan inplikatu diren pertsonak izatea Durangon. Udalak ahal duen guztian lagunduko du horrelako ekimenetan, Durango hobea eraikitzen laguntzeko", esan dute udal ordezkariek.

Anbulatorio zaharrak hezur-muinak emateko erregistro-eremu bat izan dezan egin daitezkeen ekimen instituzionaletatik haratago, alkateak eta alkateordeak durangarrak animatu gura izan dituzte 'Tourkiolo'-k bere ibilaldiaren amaierarako prestatu dituen jarduerei babesa ematera. Azken igoera urriaren 11n izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!