Durangoko 18 saltokitako arropak, osagarriak eta oinetakoak erakutsiko dituzte barikuko Fashion Gauean

Joseba Derteano 2021eko irailaren 23a

2020ko parentesiaren ondoren, Durangoko Fashion Gauak bosgarren aldia egingo du bariku honetan, 20:30ean hasita. Durangaldeko 60 modelok Durangoko 18 saltokitako arropa, oinetako eta osagarriekin jantzita desfilatuko dute Andra Mariko elizpean egongo den pasarelatik. Udazken-negu denboraldiari begirako tendentziak erakutsiko dituzte. 

Modelo lanak egingo dituzten guztiak Durangoko eta Durangaldeko bizilagunak dira: 40 nagusi eta 20 ume. 18 urtetik gorako modeloak hile hasieran eginiko casting batean aukeratu zituzten; umeen kasuan, dendetakoak arduratu dira aukeraketaz. Ohitura den moduan, Yolanda Alzolak aurkeztuko du ekitaldia.

Desfilean zehar, L'Atelier dantza eta antzerki eskolak erakustaldi bi eskainiko ditu, bat klasikoa eta bestea Dance estilokoa.

Deskontu txartelen zozketak
Ekitaldian zehar 100 euroko bost deskontu txartel zozkatuko dituzte. Parte hartzeko, Durangoko saltokiek banatuko dituzten flyer-ak, irailaren 10etik 24ra bitarteko erosketa txartelekin batera, Dendak Bairen bulegoan —Askatasun etorbidea, 2— ipini duten kutxan sartu beharko dira.

Ekitaldia COVID-19aren aurkako prebentzio- eta higiene-neurriak hartuta egingo da. Hori dela-eta, Andra Mariko elizaren arkupera tarteka eta ilara bitan egingo da sarrera: batetik, erreserba duten pertsonak (dendak, modeloak…), eta, bestetik, erreserba ez dutenentzat toki bat gordeko da.

Durangoko Fashion Gaua Dendak Bai elkarteak antolatuko du, Durangoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!