Durangoko Turismo Bulegora egindako bisitak %276 hazi dira uda honetan, 2019ko mailetara itzuliz

Anboto 2021ko ira. 22a, 13:40

2020ko datuekin alderatuta, kontsulten gorakada %332koa izan da, eta zerbitzuena, berriz, %149koa.

Durangoko Udalak prentsa oharrean azaldu duenez, Turismo Bulegoak 6.244 bisitari izan ditu ekainean, uztailean eta abuztuan kontsulta eta zerbitzuen artean, hau da, %276ko hazkundea izan du iazko udarekin alderatuta, orduan 2.262 pertsona igaro baitziren bulegotik. Datu horiekin, Turismo Bulegoa 2019ko maila prepandemikoetara itzuli da; izan ere, urte horretan 6.268 erabiltzailek bisitatu zituzten instalazioak.

Neskutz Rodríguez Turismoko arduradun eta zinegotziak aurten Durangon izandako "uda indartsua" nabarmendu nahi izan du: "Datuek erakusten digute bide onean goazela, eta gure eskaintza indartu behar dugula turistak gurera etor daitezen, Durango ezagutu dezaten eta pozik joan daitezen, horrek gure zerbitzuen sektorean dakarren onura ekonomikoarekin. Zentzu horretan, herriko zenbait merkatarik jakinarazi digutenez, aurtengo uda azken urteetako onenetakoa izan da".

Horren harira, turismoaren datu positiboetan kultur jarduerek izan duten garrantzia nabarmendu du Rodriguezek: 'Uda Kulturaz Blai'ren programazioak eta Dario de Regoyosen erakusketak, Arte eta Historia Museoaren historiako bisitarik handiena izan denak, kanpoko jende asko erakarri dute, eta horrek ahalbidetu du jende horrek gure herria ezagutzea”.

Turismo Bulegoan egindako kontsultei dagokienez, gorakada % 332koa izan da; izan ere, 2020an 727 kontsulta egin ziren eta aurten 2.418. Datuen arabera, abuztua da oraindik Turismo Bulegoaren hilabeterik garrantzitsuena, orduan hurbiltzen baita jende gehien instalazioetara.

2020ko Estatu barruko mugikortasun-mugak direla eta, nabarmentzekoa da urte horretan jatorri horretako bisitarien kopurua handitu egin dela (1.327), 2019an baino are handiagoa, orduan estatuko 1.201 turista bertaratu baitziren. Guztira, Estatutik etorritako bisitariak turista guztien %60,28 dira. Jatorria autonomia-erkidegoen arabera aztertuz gero, %30,66 Kataluniatik dator, %23,48 Madrilgo Erkidegotik eta %15,71 Valentziar Erkidegotik. Atzerritik etorritako bisitariei dagokienez (bisitari guztien %10,39), frantziarrak %36,94 izan dira eta herbeheretarrak %10,83.

Kontsulta gehienak honako hauen ingurukoak izan dira: Durangoko interesguneak, planoak, gida turistikoak, Kurutzesantu eta Arte eta Historia Museoak, Kurutziagako gurutzea, audio-gidak eta Durangaldeko beste puntu batzuk, Urkiolako Parke Naturala, Elorrio eta bere nekropolia edo Garai, besteak beste.

Turismo Plan berria

Durangoko Udalak azaldu duenez, "udaberri honetan ekin diogu herriko historiako lehen Turismo Plan jasangarria egiteko ibilbideari". Plan horren bidez (2022-2026 aldia barne hartuko du), Durangok "oinarri estrategikoak" ezarri nahi ditu Durango Euskal Herriko turismo-helmuga gisa kokatzeko eta herrira turista gehiago erakartzeko, gertaera horrek tokiko ekonomiaren itzulera ekonomikoa ekar dezan. Horretarako, udalak partaidetza-prozesu bat jarri zuen abian turismo-sektoreko hainbat eragilerekin, haien ekarpenak biltzeko, Turismo Plan jasangarri ahalik eta osoena eta funtzionalena egiteko. "Durangok Turismo Plan jasangarria behar du. Gure idiosinkrasiari eutsiz turistak gure herrira erakartzeko epe labur, ertain eta luzerako helburuak zehaztuko dituen ibilbide-orria behar du. Horregatik, gure lehenengo Turismo Iraunkorreko Plana egiten hasi gara, beharrezkotzat jotzen baitugu zein norabidetan lan egin behar dugun zehaztea, Durango erreferentea eta bisitatu beharreko helmuga erakusteko".

Plan estrategiko honek Turismo Plan jasangarri bat lortu nahi du, datozen 4 urteetan garatu beharrekoa, baliabide naturalei arreta eta zaintza emango diena eta parte-hartzailea izango dena, sektore turistikoa, durangarrak eta bisitariak tartean sartuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!