Bartolome Ertzilla Kontserbatorioak euskal kultura musikalari buruzko tailer berri bat eskainiko du

Anboto 2021ko ira. 21a, 13:51

Ikastaroa Ander Erzilla irakasle durangarrak emango du.

Ikasturte honetan, Durangoko Bartolome Ertzilla Kontserbatorioak eta Musika Eskolak Euskal kantutegia XX. Mendeko kantagintzan tailer berria eskainiko du. Ander Erzilla irakasle durangarrak eskainiko duen tailer hau astean behin eskainiko dute eta ordubeteko iraupena izango du. Prentsa oharrean azaldu dutenez, "bere helburua euskal kultura musikala transmititzea izango da, ondare hori ikuspuntu praktiko eta teorikotik hurbilduz".

Euskal kultura musikala gehiago eta hobeto ezagutu nahi duten guztiei zuzendutako klaseak bi zatitan banatuko dira. Lehenengoan, pieza ezberdinen azterketa teorikoan (forma, estiloa, testua, armonia) oinarrituko dira, eta, bigarrenean, parte hartzaile guztien artean piezak abestuko dituzte, aurreko atal teorikoa kontutan hartuz. Izen-ematea zabalik dago jada eta klaseak urritik aurrera hasiko dira, ostegunetan 20:00etan.

Bestalde, urriaren 9an hasiko da Ana Celia Ormaetxearen hitzaldi musikalen 25. edizioa. Aurten, berrikuntza batekin dator: ohiko modalitate presentziala eskaintzeaz gain, hitzaldiak streaming bidez emango dituzte, hainbat arrazoirengatik ziklo horien ohiko egoitza den Kurutzesantura bertaratu ezin diren eta beren etxeetako erosotasunetik edo beste edozein lekutatik joan nahi duten pertsona guztiek ziklo berri honetaz gozatu ahal izan dezaten.

Erabiliko den programa erabat interaktiboa izango da; horrela, hitzaldi osoa entzuteaz eta edukiak ikusteaz gain, aktiboki parte hartu ahal izango da galderekin edo parte hartzaileen artean sortzen diren solasaldietan parte hartuz.

Jarduera hauetakoren bat egin nahi dutenek Durangoko Musika Eskolan eman dezakete izena edo 94 603 00 35 telefonora deitu dezakete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!