Durangoko 18 saltokitako arropak, osagarriak eta oinetakoak erakutsiko dituzte barikuko Fashion Gauean

Anboto 2021ko ira. 20a, 15:20

Dendak Bai eta Durangoko Udaleko ordezkariak ekitaldia aurkezteko gaur eskainitako prentsaurrekoan.

Andra Mariko elizpean egingo den ekitaldian, udazken-neguko proposamenak erakutsiko dituzte Durangaldeko auzokideak diren 60 modelok.

2020eko parentesiaren ostean, Durangoko Fashion Gauak bosgarren aldia beteko du bariku honetan, 20:30etik aurrera. Durangaldeko 60 modelok, Durangoko 18 saltokitako arropa, oinetako eta osagarriekin jantzita desfilatuko dute Andra Mariko elizpean egongo den pasarelatik. Udazken-negu denboraldiari begirako tendentziak erakutsiko dituzte.  

Modelo lanak egingo dituzten guztiak Durango eta Durangaldeko bizilagunak dira: 40 nagusi eta 20 ume. 18 urtetik gorako modeloak hile hasieran egindako kasting batean aukeratu zituzten; umeen kasuan, dendetakoak arduratu dira aukeraketa egiteaz. Ohitura den moduan, Yolanda Alzolak aurkeztuko du ekitaldia.

Desfilean zehar, L'Atelier dantza eta antzerki eskolak erakustaldi bi eskainiko ditu, bat klasikoa eta bestea Dance estilokoa.

Deskontu txartelen zozketak

Ekitaldian zehar 100 euroko bost deskontu txartel zozketatuko dituzte. Parte hartzeko, Durangoko saltokiek banatuko dituzten flyer-ak, irailaren 10etik 24ra bitarteko erosketa txartelekin batera, Dendak Bairen bulegoan —Askatasun etorbidea, 2— kokatutako kutxan sartu beharko dira.

Ekitaldia Covid 19aren aurreko prebentzio- eta higiene-neurriak hartuta egingo da. Hori dela eta, Andra Mariko elizaren arkupera sarrera tarteka eta bi ilaratan egingo da: batetik erreserba duten pertsonak (dendak, modeloak…) eta bestetik, erreserba ez dutenentzat toki bat gordeko da. 

Durangoko Fashion Gaua Dendak Bai elkarteak antolatuko du, Durangoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesarekin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!