Manifestazio nazionala egingo du Durangon EHEk, abenduaren 6an

Anboto 2021ko ira. 18a, 12:38

Euskal Herrian Euskarazek manifestazio nazionala egingo du Durangon, abenduaren 6an; 17:30ean abiatuko da Landako gunetik. "Euskararen Errepublika independentea eskuratu behar dugu ezinbestean, Euskal Herri euskalduna eraiki ahal izateko", azaldu dute zapatu goizean egindako agerraldian. 

"Bestelako marko juridiko batera" jausi egiteko garaia dela nabarmendu du Koldo Zarate Euskal Herrian Euskarazeko kideak agerraldian. "Larrialdi linguistikoan gaude. Euskara normalizatu eta euskal hiztunon komunitatea berrosatzeko prozesua krisian sartu da", azaldu du. Egungo hizkuntza politikak agortuta daudela azpimarratu du, baita ere. "Bi estatuen konstituzio eta oinarrizko arkitektura juridikoek inposatzen duten espainiera eta frantsesaren supremazismoa gutxi ez eta, egunero-egunero bi estatuen botereak legeen onarpenen bidez zein erabaki judizialen bitartez, euskalduntzean aurreratutako apurra mugatu eta inboluziora eramateko ahalegin betean daude azken garaian". Adibide legez, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan murgiltze eredua indarrean jartzeko trabak, edota Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lan deialdi publikoetan euskararen ezagutza eskakizuna izateko epaitegien zailtasunak aipatu ditu Zaratek. "Kalera ateratzeko unea dugu", azaldu du, ostean, eta euskaltzaleak eta euskalgintzako eragileak manifestazioarekin bat egitera gonbidatu dituzte.

Bestalde, mobilizazioarekiko atxikimendua adierazteko, sare sozialetan #EuskararenErrepublika traola erabiltzeko deia egin dute, baita ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!